http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hamar urte euskal sortzaileen lanak aurkezten

Ahotseneak ezaugarri berbera mantentzen du jaio zenetik: urtean zehar egindako euskarazko lanak baino ez ditu aurkezten

Iazko kontzertu bat.
VIRGINIA ENEBRAL

Bi hilabete falta dira oraindik Azokak ateak irekitzeko, baina abendua heldu dadin irrikitan dauden guztiei aurrerakin bat datorkie. Ahotseneak hamar urte beteditu eta urteurrena ospatzeko Euskal Herria bisitatuko duen bira antolatu dute. Beraz, Durangoko mugak zeharkatuko dituen lehenengo aldia izango da. «Iazko edizioa amaitu ostean, gune honetarako aurten data berezia izango zela konturatu ginen, eta gauza xume bat egitea erabaki genuen», azaltzen du Lutxo Egiak, Ahotseneako arduradunetariko batek eta sorreran ere parte hartu zuenak.

-Nola jaio zen Ahotsenea?

Orain dela hamar urte Durangoko Azoka liburuak eta diskak saltzeko espazioa zen batez ere, gaur egun ere mantentzen duen izaera, alegia. Hortaz, sortzaileen lekua eta zeregina erakusmahaietan lanak sinatzera mugatuta zegoen eta askok beste era batean agertu behar genuela uste genuen. Zuzenean aurkeztea, hots, kontzertu edo solasaldien bitartez, modu egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Azken finean, plaza bat aldarrikatzen genuen. Horrela sortu zen Ahotsenea.

-Harrera ona izan zuen?

Sortzaileek beso-zabalik onartu zuten berehala eta harrera hori gaur arte mantendu da. Urtero dauzkagun aurkezpenak horren erakusgarria dira: bost eguneko Azokan 125 emanaldi iza ohi dira; 70 kontzertu eta 45 literatur solasaldi. Egile ezezagunek, adibidez, zuzenean erakutsi ditzakete euren lanak. Eta publikoak ere bestelako kontaktua izatea eskertu egin du. Jendea poliki-poliki Ahotseneara hurbiltzen joan da. Aldi berean, Azokaren eredua ere aldatu egin zen eta hainbat arlo sortu ziren: arte-eszenikoentzat, Szenatokia; Irudienea, ikus-entzuteko saioak egiteko; Kabia, informatika arlorako; etabar. Ahotseneak Azokari aldaketa ekarri zion.

-Hainbesteko arrakasta espero zenuten?

Ez... zerbait asmatzen duzunean ez duzu orohar inongo aurreikuspenik, behar bat ikusten duzulako baino ez duzu sortzen. Dena den arrakasta hitza ez zaigu gehiegi gustatzen, ez dugu horrela balioztatzen, baizik eta betetzen duen funtzioaren arabera. Eta Ahotseneak Azokan ez ezik, euskal kulturan ere badu zeregin bat. Urtean zehar kaleratzen diren ekoizpenak baldintza beretan ezagutzera ematen dira. Lanek, jakina, urtekoak ez ezik, euskaraz ere izan behar dute. Hau ez da jaialdi bat, plaza baizik. Horrela jaio zen eta horrela jarraituko dugu.

-Diskak eta liburuak elkarrekin bizi daitezke?

Nik baietz uste dut. Eta hori Azokan ikusten da. Ahotseneari dagokionez bi gune dauzkagu eta orian dela bi urte solasaldiak Landako barruan sartzea lortu genuen. Toki handiagoa nahiko genuke baina urtero-urtero hobetzen ahalegintzen gara.

Izan ere, bira hau harreman estu honen isla izango da, bi diziplina hauek batu egingo baitira prestatutako emanaldietan. Lau geltoki izango ditu guztira: Tafalla, Bilbao, Vitoria-Gasteiz eta Azpeitia, eta lehenengo geldialdia bihar izango da; besteak etorriko dira ondoren abenduan Azoka abian jarri arte. 20:30etatik aurrera, Nafar hiriko kulturguneak zabalduko du programazioa bi ahotseko kontzertuarekin: Anari eta Jon Basaguren abeslariena. Hurrengoa Bilboko Biban burutuko da, urriaren 20an, eta hor protagonistak Mikel Etxaburu idazlea eta Kintsukoroi taldea izango dira. Ondoren Gasteiz etorriko da, azaroaren 3an Oihaneder Euskararen Etxean. Haraino Keu Agirretxea eta Jon Gurrutxaga musikariak hurbilduko dira, baita zehaztatzear dagoen beste egile bat ere. Azkenengo saioa Azpeitian izango da azaroaren 16an. Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko kidea, eta Gotzon Barandiaran idazlea San Agustin Kulturgunean elkartuko dira. Azkenengo hiru hitzorduak arratsaldeko zortzietan hasiko dira.

Hortaz aparte, geraldi bakoitzean argazki-erakusketa bat ere gauzatuko da Txelu Angoitia, Saioa Cabañas Gau Ilunak eta Joseba Barrenetxea argazkilariek urte hauetan ateratako 25 argazkirekin, eta irudiekin batera hainbat musikari, idazle, editore eta kazetariren gogoeta bana ere egongo dira. “Denboraren igarotzearen lekuko gisa”, adierazten du Egiak.

-Nolakoa izango da etorkizuneko Ahotsenea?

Urtez urte ikusiko dugu. Halere, aldaketak izan ditu jada; izan ere, bi arloak, kontzertuena eta solasaldiena, bereizteko beharra sumatu genuen, musika emanaldien gunea txikia geratu baitzen. Gainera, literatur saioetan zuzeneko irakurketak sartu ditugu eta, aldi berean, irakurleei hitza eman diegu. Beraz, ez dakit nolakoa izango den etorkizunean Ahotsenea, baina beti sortzaileen errealitatera egokitzen saiatzen gara.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos