http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

GUZTIOK GARA TURISTAK

ARANTXA URRETABIZKAIA

Eta, bat-batean, udaren erdian, beroak ernaldutako hazia balitz bezala, lehertu da hedabideetan turismoari buruzko eztabaida. Uda honetako lorea da turismofobia, alegia, turistek eragindako kalteek onurak baino pisu gehiago dutela dioen teoria. Batzuen ustez, gutxi batzuek jasotzen dituzte turismoaren onurak eta gehiengoak ordain-tzen du horren prezioa. Zuretzat onura, niretzat kaltea.

Hori bai, horrek gurera datozen turistekin du zerikusia, ez du balio gu turista garenean. Are gehiago, edonoren ametsa da turista bilakatzearena, besterik ez bada udako oporretan. Udan turismoa egiten ez duena errukarri bat da eta langabezia bera ez da turismorik ez egiteko aski aitzakia.

Hamarraldi gutxitan, dirudun gutxi ba-tzuen esku zegoena orokortu egin da. Gehiengo zabala, tartekako turista da edo turismoaren onurei esker bizi da. Orokortu egin da turismoa gure bizitzan, zeresanik ez kostaldetik hurbil bizi garenontzat: turismoa gure zainetan dabilen odolaren osagai da.

Kostaldean, lehen arrantzaleek zuten lehentasuna ostalarien eskutan dago gaur egun eta kanpotarrentzat zuzenean lan egiten ez duenak haientzako lan egiten dutenentzat ari da lanean, gela bat alokatuko dio turistaren bati edo gutxienez an-tzeko zerbait pasatu zaio burutik.

Horrela kolonizatu ditu turismoak herri askotako zati osoak, bertan bizi direnak turista bilakatzeraino. Gu bisitan goazenean ere beti aurkituko dugu zehaztu gabeko iragan batean leku hori hobeto zegoela esango digunik. Bai, baina orduan zuk eta zure leinukoek ezin zenuten bertara joan. Zaporetsuagoak, are osasungarriagoak ziren oilaskoak duela mende bat, baina sasoi hartan ez zeuden edonoren eskura.

Datozela turistak, baina turista aberatsak, jar dezatela dirua aurretik eta ez diogu haien azalaren koloreari erreparatuko, ezta jatorriari ere. Torlojuak produzitzen dituen industria bezain errespetagarria da turismoarena. Eta industria tradizionala arautzen den bezala arautu behar dena.

Fotos

Vídeos