http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gurutzaontzien denboraldia hasiko da bihar Bilboko Portuan

Saga Cruises konpainiako Saga Sapphire ontziak inauguratuko du Euskadiko denboraldia

ELCORREO.COM

Saga Cruises konpainiako Saga Sapphire ontziak inauguratuko du bihar gurutzaontzien Euskadiko denboraldia. Eguerdiko 12:00ak baino lehenago iritsiko da ontzia (199 m luze) Bilboko Portuak Getxon daukan gurutzaontzi-terminalera, eta 556 bidaiari ekarriko ditu, ia guztiak britainiarrak. Portuan igaroko du gaua ontziak Euskadira egiten duen lehen bisitaldi horretan, eta astelehenean, eguerdiko 12:00etan, abiatuko da Málagarantz.

2017an, 61 gurutzaontzi iritsi ziren Bilboko Portura, eta 83.674 bidaiari. Aurtengo denboraldirako ere antzeko kopurua espero du Portuko Agintaritzak, aurreikuspenak aldatu egin daitezkeela jakinik betiere: «Ez da erraza hain zifra positiboak lortzea bi urtez jarraian, baina aurten ere Bizkaiko turismo-sektorearentzat eta, oro har, Euskadirentzat emaitzak positiboak izango direlakoan gaude», diote Portuko arduradunek. Bestalde, azpimarratzen dute erabakigarriak izaten jarraitzen duela «lan komertzial sendoak eta bidaiarientzako terminal berriak —OLATUA—, 2017ko martxoan inauguratua izan zena».

Portuko Agintaritzak aurten ere sustatuko du Euskadi, gurutzaontzietarako helmuga erakargarri gisa, martxoan egitekoa den Miami/Fort Lauderdaleko azokan, nazioarteko zirkuituko azoka nagusia.

Itsasontzi-konpainia askoren konfiantza du Bilboko Portuak; hauena, besteak beste: Azamara, Celebrity Cruises, Cunard Line, Crystal, Fred Olsen, Hapag Lloyd, Hurtigruten, Majestic International, Marella Cr., MSC, Noble Caledonia, Norwegian, Oceania, Ponant, Pullmantur, Princess Cruises, P&O, Royal Caribbean Cruises Ltd (RCCL), Saga Cruises, Seabourn, Sea Cloud, SilverSea Cruises, TUI Cruises eta Wind Star.

Denboraldi honetan, lehenbiziko aldiz iritsiko dira Bilboko portura dozena bat gurutzaontzi enblematiko, eta, zenbait egunetan, aldi berean bi edo hiru gurutzaontzi egongo dira portuan. Azkenik, beste behin ere, Pullmantur konpainia nabarmendu behar da, zeinak Getxoko portutik ontziratzeko aukera eskaintzen baitu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos