http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gurpil zoroa

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Bertako parlamentuak Errepublika aldarrikatu zuenetik Kataluniako egoera politikoa errotik aldatu da egun gutxitan. Erakunde nagusiak esku hartuta geratu ondoren, Puigdemont presidentea ihesean/erbestean dago Belgikan eta bere kontseilari gehienak, kartzelan.

Maila politikoan konpondu beharrekoa erabat judizializatzen denean ez da ezer onik gertatzen. Horren erabateko erakusgarri da Kataluniako egungo agertokia. Estatut berriaren inguruko sasoi bateko dinamika gaiztotu baizik ez da egin azken urteotan, autonomia indargabetu eta hango gobernuko kideen aurka jotzeraino. Ziurrenik, abenduaren 21erako Rajoyk deitutako hauteskundeek ez dute gehiengo aldaketarik ekarriko, eta arazo politikoak bere horretan iraungo du. Mahai baten inguruan amaitu beharrekoa hain muturreraino eramatea alperrikakoa da konponbideari dagokionez, baina ez sozialki luzarorako izango dituen ondorioei begira. Zerbait hautsi da bertako gizartean, bai barrura zein kanpora begira, eta horrek askoz zailagoa egingo du duela urte batzuk posible zena.

Neurrigabekoa da, erabat, Govern-a osatzen duten guztien egoera. Puigdemont-ek eta bere zenbait kontseilarik Belgikara alde egin izanak ez die mesederik egin gainerakoei; baina, testuinguru horretan ere, ez da inondik inora onargarria honelakoetan inor kartzelatzea. Beste kasu askotan justiziak erakusten duen geldotasuna bazter utzita abiada biziz ekin dio oraingoan, ustez independente denaren ekina eta bultzagaia zalantzan jartzeraino. PPren ustelkeria kasuekin lotutakoetan, adibidez, bestelako jokabideak izan dira ohikoenak, behin baino gehiagotan lotsagarri izaterainokoak. Orain, aldiz, fiskaltzaren bidez, Espainiako Gobernuak tresneria judizial guztia jaurti du Kataluniako buruzagitzaren aurka, eta zenbait epaile arduratu dira dinamika horiek bururaino eramateaz. Ondorioak guztiz larriak dira, luzera begirakoak. Kataluniar gehienen borondate demokratikoak eta Espainiako Estatuak talka egin dute aurrez aurre, eta nekez izango dira bateragarri egungo parametroetatik.

Honelakoetan, elkarrizketa da ezinbesteko osagaia. Gorrarena egin du Rajoyk hainbat urtetan, ekimen politikorik eta proposamen zehatzik gabe. Estatut berriaren aurreko bere alderdiaren ezezko borobilaren ostean ez da inolako eskaintzarik egin bere aldetik, egoera kale itsu batera eramanez. Presidente denez geroztik berea da horretarako ahalmena eta, beraz, baita auzia goxotzeko ardura nagusia ere. Arazoa usteltzen utzi du, kalkulu gaiztoetan galduta, Konstituzioa eta lurralde egitura erreformatzeko egin zaizkion dei guztiei muzin eginda. Eta jokabide horrek hondamendia eragin du, 155. artikulua indarrean jarri eta bozak deitzeak ez duelako berez deus konponduko. Kaltea, baina, itzela da. Baita bere ikuspegitik ere. 1978ko egitura bera dagoen horretan bideraezin egiten duelako, eta aurrerantzean sakoneko aldaketak nahitaezko izango direlako. Katalunia Estatuan txertatzeko moldeez behin eta berriz ari direnei kostako zaie bertako herritarren baiezkoarekin hori posible egitea, haustura ez delako nolanahikoa, eta aldeen arteko mesfidantzak nekez izango duelako atzerabueltarik.

Puigdemont-ek alde egin izanak auziaren internazionalizazioa ahalbidetu du, nolabait, baina bere aldekoak ezustekoan harrapatu zituen hasieran. Ez da oso egokia Errepublika aldarrikatu eta handik gutxira Kataluniatik alde egitea. Gehiengo sendo eta trinkoagoa behar zuen apustu horrek, populazioaren erditik gorakoa, urrats garrantzitsuegia delako besterik gabe egin eta segidan ezerezean uzteko. Kataluniako independentziaren aldeko prozesua txukunago bideratzerik bazegoen, jasotako bultzada sozial ikaragarria errealitate globalarekin kontrastatuta, pedagogia eginda eta aliatu berriak gehituta.

Baina, ziurrenik, eragile nagusietakoaren krisiak, Convergència-renak, eragin erabakigarria izan du guzti horretan. Pujol-en garaiak zenbait esparrutan utzitako zama arindu beharrak ekimena galtzera eraman duelako, eta ahulezia horrek ERC-ri eta, batik bat, CUP-i bestelako aukerak eman dizkielako, askoz biziago nabarmentzekoak. Erabaki eskubidearen aldeko blokea trinkotu eta gehiengo zabal horretatik abiatu ordez, independentziari eman zaio lehentasuna. Behin baino gehiagotan bat-batekoak ematen zuten erabakiak baliatuta, eta gainera zetorkien desafiorako indar nahikorik izan gabe. Horren adierazgarri da, esaterako, Katalunia kanpotik Rajoyk deitutako hauteskundeetan parte hartu behar izatea, teorian Errepublika indarrean dagoenean. Honaino heltzeko, Puigdemont-ek berak dei zitzakeen urriaren 1eko galdeketaren osteko egunetan, Kataluniako erakundeak eta autogobernua babestu eta zilegitasun erantsia lortze aldera.

Egungo agertokiak, baina, batasuna eman die indar subiranistei. beharbada zerrenda bakarrean aurkezterainokoa. Inkesten arabera, azkenaldiko krisi politiko sakonak ez du bi blokeen arteko indar harremana gehiegi aldatuko, eta litekeena da abenduaren 21etik aurrerako Parlamentua azken legealdikoaren oso antzekoa izatea. Arazoa lehengoan egongo da, beraz. Eta Rajoyk errealitate egoskor hori onartu eta sakoneko kontuez hitz egin beharko du. Oraingoz, dena dauka zehaztu gabe. Sozialistekin hitzartzekoa den Konstituzioaren balizko erreformaren gakoez inork ez daki ezer, baina Ciudadanos-en eragina oso kezkatzekoa da. Eta horrekin lotuta, Kataluniako eragileei luzatu beharko liekeen proposamen politikorik ez da ezagutzen. Osagai horiekin, bada, nekez bideratuko da ezer.

Egoera honetan, aurrez aurreko lehia bizia dator datorren hilean, eta zauri politiko eta judizialek ostekoa zailduko dute. Luze joko du Katalunia normaltasun itxurako egoerara itzultzea. Elkarrizketa ausardiarekin ahalik eta estuen lotzea, arduradun politikoek aske jardutea eta erabaki eskubidearen aitortza itundua konponbidearen oinarrietakoak izango dira, babes sozial eta politiko oso zabaleko eskaerak direlako bertan. Errealitatearen ukazioaren gurpil zoroetatik askatzeko sasoia da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos