http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gurasoen erantzunkizuna

Aita bat, bere semearekin jolasten./Monkey Business Images
Aita bat, bere semearekin jolasten. / Monkey Business Images
ARANTXA URRETABIZKAIA

Sarritan entzuten diogu norbaiti, ia edozeini, ataka baten aurrean, egin duen edo egin ez duen zerbaiten arrazoia adierazterakoan, gakoa halakoak jaso duen heziketan dagoela, ez zutela etxean horretarako edo hartarako prestatu, hau edo hura ez zela arrunta haur zen garaian.

Nonbait, garenaren erantzule gure gurasoak dira, are aspaldian hil badira ere, eta hori dioenak izan ditzake berrogeita hamar edo laurogei. Ez nuen hori txikitan ikasi, beste modu bateko heziketa jaso nuen, gurasoak honelakoak edo halakoak ziren.

Uste dut nekez gutxiets daitekeela haurtzaroak edonoren bizitzan duen garrantzia. Baina hori ukatu gabe, ez zait onargarria iruditzen etxean ikasitakoaren aitzakia. Izan daiteke horrela hemezortzi edo hogei urte dituzunean, baina era berean egin daiteke beste galdera bat: ez duzu geroztik ezer ikasi, ez zara zarenaren jabe edo, gutxienez, arduradun?

Haurtzaroaren eragina ukatu gabe, iruditzen zait garena eta ez garena norberak hartutako erabakiek gauzatu dutela, gutxienez, haurtzaroan jasotakoaren pare. Ez zenuen hau edo hura etxean ikasi, baina agian berrogeita hamar urte pasatu dira etxe hura utzi zenuenetik.

Erraza da erantzukizuna, batez ere gaizki iruditzen zaigun zerbaiten erantzukizuna, beste norbaiten bizkarrera botatzea. Errazago da pentsatzea zure gurasoek, borondaterik hoberenarekin ere, oker zaudela, okerraren erantzule zerorri zarela pentsatzea baino. Errazago da esatea ez ninduten horretarako prestatu, ausardia falta zitzaizula aitortzea baino. Errazago da esatea horrela zela orduan, zure inguruan, zure adin eta generoko guztiek aje bera duzuela.

Haurtzaroak eta gurasoek lanabes batzuk eman zizkiguten. Baliabide horiekin egin duguna edo ez duguna, ordea, gure erantzukizuna da, guk baliatu edo baztertu ditugu. Berriak lantzeko edo erosteko aukera ere izan dugu.

Etxean, hobeto edo okerrago, hegan egiten irakatsi ziguten, baina hegaldia geuk egin dugu, geu ari gara egiten.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos