http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Greziar mitologian hilkorren eta jainko-jainkosen arteko maitasun harremanak normaltzat hartzen ziren

Afroditaren busto bat./Fotolia
Afroditaren busto bat. / Fotolia

Hasieratik elkarrekin doaz Afroditaren irudi mitologikoan amodioa eta irabazitako onespena

FELIX GERENABARRENA

Olinpoko hamabi jainko eta jainkosa nagusien artean Afrodita zen amodioaren eta desioaren jainkosa. Homeroren Himnoen arabera, Afrodita Txipre uhartean jaioa zen eta bere laguntzailetzat zuen Peitho, hau da, limurtze adeitsua. Beraz, hasieratik elkarrekin doaz Afroditaren irudi mitologikoan amodioa eta irabazitako onespena. Abizen asko zituen Afroditak bere ezaugarrien adierazle. Esate baterako Espartan, Afrodita Ambologera deitzen zitzaion, hau da, adin zaharra atzeratzen duena. Afrodita hiru Graziekin batera azaltzen da baita ere, eta genealogia baten arabera, Lethe edo ur-lasterraren alabak ziren Graziak. Greziarrez, 'Lethe' izenak literalki 'ahaztea' esan nahi du, maitasunaren ondasunetako bat hori litzatekeelako, ahazteko ahalmena sustatzea. Afrodita jainkosaren boterea handia zen, Zeus bera behartu baitzuen, Hera emaztea ahaztuz, hilkorrekin maitemintzera. Beraz, greziar mitologian hilkorren eta jainko-jainkosen arteko amodiozko harremanak normaltzat hartzen ziren. Nolabait, garai hartako adiskidetze arriskutsuak direla esan daiteke.

Harreman horiek badute ezaugarri deigarri bat, zirrikituko baldintzetan azaltzen dela batez ere amodioa. Adibidez, amodioaren agerpenerako agertoki aproposak dira hiritik kanpo dauden espazioak: zelaiak, urmaelak eta ur-jauziak. Hala gertatzen da Ankises artzain gaztearen kasuan, Ida mendian bere abereak zaintzen zituen bitartean Afrodita bere edertasunaz ohartu eta maitemindu baitzen. Berehala, gaztea erakartzeko, jainkosak Paphoseko bere tenpluko ateak itxi eta hiru Graziei eskatu zien gorputza garbitu eta azala usain gozozko olioz estaltzea. Beraz, jainkosaren jokaerak adierazten du, mitologiaren arabera, desioa eta perfumea, natura eta gehigarria, itsatsita doazela. Normala denez gero, jainkosaren eta hilkorraren izaera ezberdinak zirelako, hilezkorra hilkorrarekin maite jolasetan ibili ahal izateko, trikimailuak erabili behar zituen. Ankisesen kasuan, jainkosak birjina baten irudia hartzen du. Hala ere, trikimailua oraindik landuagoa izan behar zuen hilkorra ezkonduta baldin bazegoen.

Bikotearen itxura

Kasu horietan, erabilgarriena zen hilkorraren bikotearen itxura hartzea. Hori egiten du Zeus berak, Alcmenerekin oheratzeko Anfitrion bere senarraren antza hartzen du eta. Berdin, Poseidonek Tirorekin oheratzeko Enipeusen figura erabiltzen du. Orduan, istorio hauetan nola egin zezakeen emakume batek oheratzen zen ustezko gizonezkoaren benetako identitatea jakiteko? Erantzuna sinplea da, ez zuen jakiteko modurik. Horren adierazle bakarrak zerbait ez ohikoaren zeinuak izan zitezkeen. Esate baterako, Diodoro Siculok diosku Zeus eta Alcmeneren kasuan, jainkoak hiru egunez eta hiru gauez egin ziola maitasuna, bermatu ahal izateko semea aita bezain esanguratsua izango zela.

Anekdota hauek alde batera utzita, hilkorren eta hilezkorren arteko maitasun harremanen ondorioetako bat da gizakia eraldatu egiten dela. Eraldatze hori, kaltegarria bilakatu daiteke hilkorrarentzat. Horren lekuko da Kalimakok bere V. Himnoan dioskuna, Tiresias gaztea Helikon mendian txakurrekin paseatzen zebilen bitartean, egarria asetzera iturrira joan eta bertan Atenea jainkosaren gorputz biluzia ikusi zuela. Ikuskizun horren ordainetan itsu bilakatu zen betiko Tiresias, nahiz eta jainkosak etorkizunaren aurreikuspenaren dohaina eman zion. Tiresiasen kasuan, greziar jakintsuek kontatzen digute edertasun eskuraezina ikusteak behin betiko gau beltza ekar zezakeela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos