http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gorrotoari hitza eta lekua kentzeko eguna

Maiatzaren 17ro, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da./
Maiatzaren 17ro, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Hiria sexu-aniztasunaren eta genero-adierazpenen alde dagoela aldarrikatzeko, kanpaina antolatu du Bilboko Udalak maiatzaren 17ko Homofobia, Lesbofobia, Transfobia, Bifobia eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira

AMALIA IBARGUTXI

Nazioarteko 80 herrialde inguruan kartzela edo heriotza zigorra dakar LGTBfobiak. Horregatik, maiatzaren 17ro, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Bilboko Udalak kanpaina antolatu du, datozen egunetan ezagutaraziko duena, jendea pertsona guztien gizarte-eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta hiria sexu-aniztasunaren eta genero-adierazpenen alde eta LGTBIfobiaren kontra dagoela aldarrikatzeko.

'Bilbon ez dago LGTBIfobiarentzako lekurik' lemapean, Bilbo diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko hiri gisa sendotzea, errespetua nagusitzea eta berdintasuna benetakoa, normalizatua eta aurreiritzirik gabea izaten laguntzeko konpromisoa hartu du, eta aprobetxatu dute gogorarazteko duela 28 urte, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuela. Horregatik erabaki zuten egun hori homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren, transfobiaren eta intersexfobiaren kontrako nazioarteko eguna izan zedin.

Pertsona hauen eskubideen alde eman diren aurrerapausoek LGTB kolektiboaren bizi kalitatean eragin positiboa izan duela ukaezina da. Hainbat dira aniztasun sexualaren inguruko kontzientziazioan lan egindako Estatuak, baina herrialde aurreratuenetan ere ematen dira, oraindik ere, kolektiboaren aurkako eraso eta gorroto-delituak. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an, 30 gorroto-delitu salatu zituzten, Estatu mailan Madril eta Andaluzian bakarrik gainditutako zifra.

Barne-arazoetako Ministerioak 2016. urteko gorroto-delituen balantzean jasotako datuen arabera, 210 gorroto-delitu salatu zituzten urte hartan, eta horietako 30 Euskadin: 21 Bizkaian, bost Araban eta lau Gipuzkoan. Andaluzia eta Madrilgo biztanle kopurua EAEkoarekin alderatuta, kezkagarria da Euskadik lortutako hirugarren postu hori. Eraso gehienak salatzen ez direla ere kontuan izanda, Bizkaiko Diputazioak gogorarazi duduela hiru hilabete bere buruaz beste egin zuen Ondarroako Ekai gaztearen kasuak argi utzi zuela «gure gizartean ere LGTBIfobia oso errotuta dagoela. Alabaina, ezin dugu ahaztu beste herrialde batzuetan gorrotoa zigor-kodeetan babesten dutela oraindik, eta heriotza-zigorrera iristen direla».

Gorroto delituak zigortzeko neurriak

ILGA nazioarteko Gay eta Lesbianen erakundeak (International Lesbian and Gay Association, ingelesez) argitaratutako 2017ko txostenaren arabera, gorroto-delituak zigortzeko neurriak 39 herrialdek soilik garatu dituzte, eta soilik hiru herrialdetan debekatu dituzte 'konbertsio-terapiak' direlakoak, Nazio Batuen Erakundeko herrialdetako %1,5ak besterik ez. LGTBIkolektiboa babesteko neurrien falta salatzen du txostenak horrela, terapia hauek oraindik ere «normalizatuta» daudela azalduz.

LGTB kolektiboak 2016an sufritu zituen atzerapausoen artean seinalatzen dituzte txosten berean, adibidez, Donald Trump AEBtako presidenteak hartutako hainbat neurri. Besteak beste, ikasle transgeneroak babesteko neurriak bertan behera utzi ditu, eta 2026an segurantza medikua galtzeko arriskuan daude milioi bat pertsona heldu Afordable Care Act delako legea aldatu dutelako, Williams Institutuak jakinarazi duenez. Neurri hauek guztiek LGTB kolektiboaren aurkako mobilizazioak piztu eta indartu ditu.

Europako egoerari dagokionez, aurrerapenen moteltzea azpimarratzen du ILGAk. Alemania, Malta eta Ipar Irlandan oraindik ezin dira sexu bereko bi lagun ezkondu. Bestalde, salatzen dute hainbat herrialdek terrorismoaren aurkako borrokaren atzean ezkutatuta oinarrizko eskubideak urratzen dituztela, hala nola, manifestazio-eskubidea, eta LGTBI ekitaldiak antolatzeko debekua ezartzen dela, eta LGTBI errefuxiatuei asilo politikoa ukatzen zaiela.

Aurreiritzietan oinarritutako diskurtsoak pertsona ezagunek egiten dituztenean, hauen eragina handitu egiten dela salatzen dute azkenik, LGTBI pertsonengan eragindako kaltea ere handituz eta gorroto diskurtsoei legitimazio ahalmena emanez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos