http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gorde nazazu lurpean

Hiltzea garestia da, eta goranzko joera du prezioak, gainera

Munduan zehar, hileta-erritu anitz daude./Afp
Munduan zehar, hileta-erritu anitz daude. / Afp
TXANI RODRÍGUEZ

Munduan zehar, hileta-errituak anitz eta arraroak daude. Madagaskar irlan, familiek, zazpi urtez behin, euren lagun maiteen gorpuak hilobitik ateratzen dituzte, eta beraiekin dantzatzen dira. Tibeteko zenbait lekutan, gorpuak mendira igotzen dituzte putreek jan ditzaten. Ghanan, zerraldoen formak hildakoen zaletasunen isla dira. Hori dela eta, zerraldoek auto baten forma izan dezakete, esaterako.

Geure gizartean, hileta-errituak kontsumismoarekin loturik daude, gero eta gehiago. Beilatokietan dauden beira-arasek bitxi-dendetako erakusleihoak dirudite. Hiltzea ere garestia da, eta goranzko joera du prezioak, gainera. Dirutza dutenen artean, espazio-hiletak zabaldu dira. Ohitura honen hasiera 1997an izan zen. Urte horretan, Star Trek sagaren egilearen errautsak -eta baita beste batzuenak ere- atmosferan sakabanatu ziren kohete batetik. Imajina ezazue azken adio horren aurrekontua…

Gure kulturan pentsatzen dugu hildako ahaideek ehorzketaren ondoren aurki dezaketela deskantsu pixka bat. Zoritxarrez, bortitzegia da mina maiz, eta deskantsu hori iheskor bilakatzen da. Baina orain ez bezala, eta beilatokietan egiten den lan garrantzitsuari esker, ez ditugu hildakoak gaubeilatzen. Oso ohitura mingarri eta akigarria zen, egia esan, eta nekeak ez du laguntzen horrelako egoera bati eusten. Gaurko ehorzketa-zerbitzuek mesede egiten digute; hori bai, diru truke. Betidanik esan da heriotzak denok berdintzen gaituela, baina nabardurak daude. Aurreko astean, Fuenlabradako matrimonio batek hogei ordu zaindu zuen euren semearen gorpua etxe barruan. 1.600 euro izan ziren kalbario horren zioa. Ehorztetxeari ordaintzeko behar zuten diru-kopurua ez izateagatik, zigor jasanezin bat pairatu zuten. Senekak ezan zuen oso gauza mingarria zela heriotza, hildakoen gurasoek bizirik jarraitzen bazuten. Arrazoia zeukan Senekak, baina bere hausnarketa hori eguneratzeko, diru faltak mina areagotzen duela gehitu beharko genuke.

Gurea bai dela hileta-erritu triste eta arraroa. Madagaskarreko biztanleak aho bete hortz geratuko lirateke ezagutu ostean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos