http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gora asperdura!

Orain dela hilabete batzuk, PISA txostenak azpimarratu zuen euskal ikasleen irakurmenak behera egin zuela

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Gogora dezagun: 0rain dela hilabete batzuk, PISA txostenak azpimarratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen irakurmenak behera egin zuela. Gehienok ahaztuta geneukan txosten hori, baina irakaskuntzan daudenek ondo asko gogoratzen dute. Hortaz, kurtso berri honetan, irakurmen-gaitasuna hobetzeko zenbait neurri ezarriko dituztela adierazi dute: idazle eta ipuin-kontalariak ikastetxeetara gerturatuko dira; klaseetan gehiago irakurriko da, liburutegiak aberastuko dituzte… Baliagarriak dira ekimen horiek guztiak, zalantzarik gabe. Hala eta guztiz ere, niri gehien gustatuko litzaidakeena zera izango litzateke: haurrek, inolako tutoretza barik, literaturari heltzea; euren kabuz, literaturaren lilura aurkitzea. Horrela, ez zen literatura inoiz izango betebehar bat. Helburu hori lortzeko, bide bat baino ez dut ikusten: umeek aspertu egin behar dute.

Nire haurtzaroan, oso luzeak ziren neguko arratsaldeak. Etxeko lanak egin ostean, telebista ikusi eta jolas egiten nuen. Kalean, iluntasuna; euri-ttantak, leihoetan. Auzotarren bat etxera bazetorren, dibertigarriagoa zen, baina, normalean, nik, alaba bakarra izaki, ez nuen norekin jolas egin. Behin, etxean bazterrak nahasten nenbilelarik, liburu bat ireki nuen. Nire gurasoak ez ziren bereziki irakurzaleak, ez nuen etxeko eredurik, baina liburu horrek erakarri ninduen: 'Nikolas txikiren abenturak' zen. Liburuetan dibertimendua aurki nezakeela konprobatu nuen, eta Nikolas txiki ezagutu ondoren, beste pertsonaia asko ezagutu nituen.

Gaur egun, haurrek ez dute aspertzeko paradarik. Jakinaren gainean gaude: klaseak, etxeko lan nahikotxo, ingelesa, musika, futbola, dantza, yoga… Egunean zehar dituzten betebehar guztiak gauzatu eta gero, leher eginda bukatzen dute. Etxean liburuak izan ere, ez dute irakurtzeko keinurik egingo. Irakurketa eskolarekin lotuko dute. Haurrek betekizun, agindu eta arauekin lotuko dituzte liburuak. Kezkagarria da, benetan. Baina sinets dezagun, irakasle laguntzarekin bada ere, azkenean haurrek mezurik garrantzitsuena ulertuko dutela: irakurtzea askatasun ariketa da, ez alderantziz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos