http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Goiuri jauregia galaz jantzi da Jacques Delorsi emandako Francisco de Vitoria domina entregatzeko

Enrique Barónek jaso du aitorpena Europar Batzordearen lehendakari ohi eta Notre Europe fundazioaren arduradunaren izenean

SERGIO EGUÍA

Asteazken gauean, Goiuri jauregiko Martin de Salinas aretoa galaz jantzi zen Europar Batzordearen lehendakari ohi eta Notre Europe fundazioaren arduradun Jacques Delorsi emandako Francisco de Vitoria domina entregatzeko ekitaldirako. Giza eskubideak babesten edo demokrazia, bakea eta nazioarteko lankidetza —balio hain beharrezkoak— sustatzen nabarmendu diren pertsona nahiz erakundeei ematen zaie aitorpen hori. Enrique Barónek hartu ditu domina eta diploma omenduaren ordez, eta eskerrak eman ditu adiskide eta europar erakundeetan lankide ohi duenaren izenean.

Ehun pertsonatik gora izan dira zeremonian, katedradunak, Nazioarteko Zuzenbide publiko eta pribatuko adituak, eta hainbat unibertsitatetako irakasle eta ikasleak —gehien bat iberoamerikarrak— tartean. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eman du Francisco Vitoria domina, eta gogorarazi du joan den maiatzaren 26an onetsi zuela Udalbatzak 1947an sortutako aitorpena Jacques Delorsi ematea, aho batez, Europa politikoaren zimenduak jartzeagatik, herritarren Europa eta estatu eta gobernuen batuketa hutsa gaindituko zuen Europa eraikitzeko. Europar proiektuaren jatorri izan zen Erromako Itunaren 60. urteurrena bete den honetan, alkateak gogora ekarri du Jacques Delors figura gakoa dela Europan azken hamarkadetan izandako aurrerapenak ulertzeko, hala nola barne merkatua, moneta bakarra, kohesio-politikak eta Alemaniaren bateratzea.

Ezin etorri

Adina dela eta —91 urte— Delors ezin izan da Gasteizera etorri, eta Enrique Barónek jaso ditu domina eta diploma haren ordez; Europako Parlamentuko lehendakaria eta Espainiako Garraio ministroa izan zen azken hori, akademikoa, saiogilea eta Delorsen laguna izateaz gain, harekin batera urtetan egin baitu lan. Barónek Delorsen esker oneko mezua helarazi du.

Azken urteetan “Francisco de Vitoria” domina jaso duten pertsona eta erakunde nabarmenen artean hauek aipa ditzakegu: 2015ean, Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegia; 2013an, UNICEF-Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa, eta 2011n, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea.

Fotos

Vídeos