http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

GLOBAL DANCE

TXANI RODRÍGUEZ

Pelikula arrakastatsu baten eszena bat izan zitekeen: gobernuburua atrilean dago. Traje urdina eta gorbata gorria darama. Hitz egiten duenean, esku-azpiak erakusten ditu, fidagarritasuna erakutsiz. Oso ondo modulatzen du ahotsa. Agertokiaren atzealdean, bere idazkari nagusiak eta bere prentsa-arduradunak elkarri begiratzen diote.

Kongresu jauregiaren areto handiena bete da: denek entzun nahi dute gobernuburuaren diskurtsoa. Bosgarren lerroan dagoen gazte batek aspertu samar dabilela dirudi, baina, orokorrean, mirespena da aretoan dabilen joera nagusia. Publikoaren arreta ikaragarria da.

Gobernuburuaren hitzek isiltasunaren gainetik egiten dute dantza. Oso hitz ederrak dira, egia esan: elkartasuna, bakea, duintasuna, demokrazia. Beste gauza zehatzagoak ere aipatzen ditu: pentsioak eguneratu, zergak jaitsi, enplegu planak ezarri eta ospitale gehiago irekiko duela aurreratu du gobernuburuak. Ura edateko etenalditxo bat egin du eta txalo-zaparrada aditu da.

Orain, nazioarteko politikari buruz dihardu. Terminologia teknikoa alboratuz, bere diskurtsoa emozionala da. Herrien arteko anaitasun-loturak sendotu behar ditugula adierazi du. «Etorkizuna azentu eta arraza ezberdinez jantzita datorkigu». Aristoteles eta guzti aipatu du: «Bertuteen artean, eskuzabaltasunena da preziatuena». Istant batean, aretoa errukiaren tenplu bilakatu da.

Arrakasta itzela izan du gobernuburuaren diskurtsoak. Jendetza zutik dago, txaloka. Perikles, Churchill, Martin Luther King edo Salvador Allenderekin gogoratu dira kongresu jauregian daudenak.

Bukatu ostean, agertokia utzi du gobernuburuak eta bere idazkariarekin bildu da gelatxo txiki batean. Solasalditxo labur bat izan dute eta, jarraian, Saudi Arabiari armak saltzeko hamaikagarren baimena eman du gobernuburuak. Arma horiek bihar edo etzi edo hurrengo astean abiatuko dira Vigoko portutik edo Algecirasekotik edo Bilbokotik.

Zorionez, eszena hau alegiazkoa da eta ez du (zer pentsatzen zenuten ba?) loturarik errealitatearekin. Oso lasai egin dezakegu lo.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos