http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gizarte zerbitzuen kontrola indartuko du Bizkaiko Aldundiak

Planaren helburua «gure gizarte zerbitzuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea da, laguntza behar duten pertsona guztiek laguntza hori jasoko dutela bermatzeko», Rementeriaren esanetan

ELCORREO.COM

Bizkaiko Foru Aldundiak bere gizarte zerbitzuen jarraipen sistematikoa eta koordinatua egingo du urtero, 16.000 prestazio eta 350 zentro baino gehiagotan zerbitzu horiek eta euren helburuak betetzen direla egiaztatzeko, eta zerbitzuon kontrola indartuko du.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorra 2017-2019 aurkeztu du aste honetan, Goazen 2030 estrategiaren barruan legealdi honetarako jasota dagoen konpromisoetako bat.

Rementeriak adierazi duenez, planaren helburua «gure gizarte zerbitzuen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea da, laguntza behar duten pertsona guztiek laguntza hori jasoko dutela bermatzeko». Kontrolak egiteko lana azken hileetan herritarrekin egin dituen bilera guztietan azaldu den gizarte eskaria dela esan du.

Bizkaiko Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorrak 2017-2019 deritzonak bizkaitarrek gizarte prestazioetarako jartzen dituzten baliabide eta bitartekoen erabilera egokia bermatzeko ekintzak koordinatuko eta indartuko ditu. Halaber, ekintza berriak garatuko ditu.

Neurriak

Planak ezarriko dituen neurrien artean, foru erakundeak kudeatzen dituen gizarte zerbitzu eta prestazio guztien kontrola bultzatuko da. Lan hori zerbitzu eta prestazio horien baldintzak betetzen direla egiaztatuta burutuko da.

Halaber, ikuskapenaren bidez «kontrol zorrotza» egingo da. Kontrol horrek Bizkaian ematen diren gizarte zerbitzuen kalitatea bermatuko du, hau da, araudi erregulatzailea betetzea eta eskaintzen diren arreta eta zaintzen jarraipena egitea.

Gainera, administrazioen arteko kudeaketa aurreratua egingo da, elkarrekintza eta datuen trukea sustatzea kontrol mekanismo berritzaileak sartzeko, gizarte zerbitzuekiko irisgarritasun prozesuak errazteko, erantzunaren eraginkortasuna hobetzeko eta kontrola areagotzeko. Azkenik, funtzio ebaluatzailea eta pedagogikoa garatuko da zentroen funtzionamendua hobetzeko, zentro horien kalitatea hobetzeko neurriak hartuz.

Temas

Bizkaia

Fotos

Vídeos