http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gizarte etxeek 35.883 leku eta 369 ikastaro ezberdin eskainiko dituzte 2017-18 kanpainako jarduera-programaren barruan

SERGIO EGUÍA

Datorren ikasturtean, Gasteizko gizarte etxeetan 369 lantegi eta jarduera ezberdin eskainiko dira, eta 35.883 gasteiztarrek gozatu ahalko dute horietaz. Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martínezek eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dute gaur eskaintza zabal hori; ostegunetik aurrera irekiko da izena emateko epea.

Martínezek azaldu duenez, programazioaren bidez “herritarren bizi-kalitatea hobetzen duten ohitura osasungarriak sustatu nahi ditugu; horrenbestez, adin orotarako ikastaroak diseinatu ditugu, auzoetan banatuta, jende guztiarentzako ordutegiekin eta gustu ororentzako jarduerekin”.

Datorren ikasturteko berritasuna Zabalganeko gizarte etxea irekitzea da, horri esker iaz baino 4.000 leku gehiago eskainiko baitira, eta lantegi gehiago.

Gazteentzako triatloia

Jarduera-motei dagokienez, Estíbaliz Canto zinegotziak nabarmendu du “Udalak askotariko kirol eskaintza mantentzeko egin duen ahalegina”; horretarako, ikastaro berriak prestatu dira, hala nola Gazteentzako triatloia, Gazteentzako g-pump, Esgrima historikoa eta Judimendi, Ibaiondo eta Zabalganeko Ur zirkuituak.

Jarduera artistikorako hastapen-ikastaroetan ere bada aukera berririk: Pintura abstraktua, Haurrentzako arte esperimentala, Mandalak, Wayuu eskulangintza edo Robotika hezitzailea, besteak beste.

Bestetik, kultur ikastaroak ditugu, teorikoagoak eta izen handiko espezialista eta irakasleek ematen dituztenak, esate baterako, Bingen Mendizábal eta Sabin Salaberri musikari eta konpositoreak, Historiako eta Artearen Historiako doktore Cira Crespo eta David Mota zein Juan Ibarrondo idazlea.

Horien artean, eta duten eskaera handia dela eta urtez urte errepikatzen diren ikastaroak (Astronomía eta Ardo dastatzea) kenduta, gainerakoak berriak eta arlo askotarikoak dira: Artearen historia, Arkeologia, Musika, Zinema, Mikologia, Grafitoak, Kriminologia, etab.

Era berean, irakurketa taldeak itzuliko dira, 10 zehazki, zeinetan askotariko edukiak irakurri eta eztabaidatuko baitira: komikia, nobela beltza, Latinoamerikako literatura, irakurketa erraza, etab.

Kirol eta kultur eskaintzari ohikoak diren beste lantegi eta ikastaro batzuk gehitzen zaizkie. Ildo horretatik, gurasoei hezkuntza arloan laguntzeko Senidegune programak jarraitzen du, bai eta Jardunbide egokiak eta Emozioak lantzeko lantegiak ere.

Helduen ongizate pertsonala sustatzeko jarduerak ere izango dira, bai eta haur eta gazteen ikasteko motibazioa eta ohiturak zein sozializazio prozesuak, emozioak eta ongizatea lantzekoak ere.

Gizarte etxeetako 2017-2018 denboraldirako eskaintzan beste jarduera hauek aurki daitezke: ludotekak, ludoklubak, Xtracluba, euskara ikastaroak —1.600 lekutik gora, adinekoentzat, merkataritza eta ostalaritzako langileentzat eta gurasoentzat—, elikadura eta osasunari buruzko ikastaroak, eta adinekoei berariaz eskainitakoak —gaitasun kognitiboak, zahartze aktiboa, teknologia berriak, etab.—.

Izen-ematea eta zozketa

Jarduera gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron.

Izena emateko epea uztailaren 20an (osteguna) hasiko da, eta irailaren 4a arte iraungo du. Bide hauek erabil daitezke: Udalaren web-orrian; telefonoz, 010 telefono zenbakian; edo zuzenean, udalaren kirol instalazioetan, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Irailaren 5ean izango da zozketa, 11:00etan.

Ikastaro batzuetan —Euskara eta Berdintasun zerbitzuek eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutakoak eta kirol eta kultur jarduera zenbait eta gizarte sustapeneko jarduera batzuk— izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira lekuak.

Fotos

Vídeos