http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxoko San Lorentzoko merkatu arrakastatsua

Emakume bat, produktuak begiratzen. / P. Urresti

Bertako 60 salmenta-postuetan salgai dauden baserriko produktuen kalitateak bultzatu ditu 10.000 bisitari merkatura hurbiltzera

IZASKUN MOYANO

Getxoko San Lorentzoko merkatuak 10.000 bisitari jaso ditu aurten. Herri bizkaitarreko Kultur Etxeak adierazi duen bezala, 53 ekoizleren produktuak salgai daude bertako 60 saltokietan.

Goizeko hamarretatik gaueko hamarretara bitartean erosle eta bisitariek San Lorentzoko merkatura gerturatzeko abagunea dute. Urtero legez, hainbat baserriko produktu eskaintzen dira. Beste batzuen artean lekak, txerrikiak, barazki, txakolina, euskal tarta, gazta zein eztia.

Fruitu, leka zein gazta txapelketako lehen sariak Momoito baserria, Etxebarrua baserria eta Onandi Gaztak eskuratu dituzte aurtengo edizio honetan, hurrenez hurren.

Merkatua gaur gabaz itxiko da Biotz- Alai koralaren kontzertuaz batera.

San Lorentzoko merkatua 1920ean ospatu ziren Algortako jaietan antolatu zen lehendabizikoz. Arinagotik merkatu bat bazegoen ere, urte horretan izan zen egitarauean agertu zen lehen aldia.

Urte bereko abuztuaren 10ean goizeko zortzietan Konstituzioko Plazan ‘Merkatu Handia’ ospatuko zela iragarri zuten. Han, produktu onenak 75 pezetako saria jaso zuten, baina urteak aurrera egin ahala, 1935. urterako sariok balio handia hartu zuten; 500 pezetakoa, hain zuzen ere.

Txapelketa hartan Plentzia, Urduliz, Berango, Sopela, Barrika, Leioa, Asua, Erandio, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Barakaldoko baserritarrek parte har zezaketen. Baina hauez gain, beste hainbat herritako produktuen parte hartzea ahalbidetu zen. Bestalde, beste txapelketa batzuk ere sortu ziren. Besteak beste, lore txapelketa. Hemen, parte hartzaileek arrosak, usaindun idarrak, gladioloak eta gainontzeko mota ugari aurkeztu zitzaketen.

Beraz, herriko jaietan merkatuak izango zuen garrantzia hazten joan zen, egitarauean argazkiak erakutsiz eta publizitate handia eginez gaur egunera arte.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos