http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxoko XVI. Komiki Azokak ateak ireki ditu

Getxoko XVI. Komiki Azokak ateak ireki ditu
Fernando Gómez

60 salmenta gune izango dira: komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak...

ELCORREO.COM

Getxoko Komiki Azokaren 16. edizioa hasi da gaur, eta binetaren mundua gerturatuko die zaleei igandera bitartean. Aurten, bisitariek 60 salmenta gune aurkituko dituzte Bizkaiko udalerrian, eta horietan izango dira, besteak beste, komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Merkataritza gunearekin batera, azokak jarduera ugari eskainiko ditu.

Horrela, ohikoa denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo. Haietako batzuk nazioartean sona handia dute, eta hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dute. Sinadura saioak ere antolatu dira, zaleek gogokoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Aurtengo gonbidatuen artean, antolatzaileek hurrengo hauek nabarmendu dituzte: Chris Claremont Marvel argitaletxeko komikigile nagusienetakoa, Peter Bagge komiki alternatiboaren izen handiko artista eta Claudio Castellini fumetti komikien artista ospetsua. Horiez gain, Ana Oncina, Javier Rodriguez, Ramon Boldu, Quan Zhou, Mauro Entrialgo, Sergio Cordoba, Lorenzo Montatores eta beste asko Getxon egongo dira.

Halaber, Josep Maria Bea komigile bartzelonar beteranoa, AEBetan bere komikiak garatzen eta gidoiak egiten aitzindaria izan zena, eta Gregorio Muro Harriet euskal komikigintzaren izen handienetarikoa ere nabarmendu ditu antolakuntzak.

Bestalde, komiki erakusketak ez dira faltako Getxon. Hala, azokako karpan, Peter Bagge, Harriet eta Ana Oncina egileei eta 'Voltio' aldizkari berriari dedikatutako erakusketak izango dira, eta kanpoan, berriz, 'Xabiroi' euskarazko aldizkariaren azalekin eta Daniel Gojenolaren 'Zinekomik' erakusketaz gozatzeko aukera izango da.

Horrez gain, argitaletxe eta egileek haien nobedadeak aurkeztuko dituzte, azokako leku berezi batean. Gainera, areto nagusian hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira egunero, eta komikiaren munduarekin zerikusia duten film labur eta dokumentalak emango dira.

Temas

Getxo

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos