http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxok bat egiten du 'Jaietan ere, Beldur Barik jarrera' kanpainarekin

Aixerrotako Paellak iaz./I. Pérez
Aixerrotako Paellak iaz. / I. Pérez

Jaietan eraso sexistak prebenitzea da helburua. Izan ere, Aixerrotako paellekin hasiko dira udako ospakizun jendetsuenak

ELCORREO.COM

Paellen Nazioarteko Txapelketak hasiera emango diete Getxon jende gehien erakartzen duten jaiei igandean. Aurten Udalak proiektu pilotu bat abian jarri du Itxas Argiak Aixerrotako zelaietan paella lehiaketa antolatzen duen esparrutik kanpo dagoen gunean segurtasuna handitzeko. Egitasmo horrek neurri sorta bat jasotzen du Udalak urtero egin ohi dituen jarduerak osatzeko, txapelketa ahalik eta segurtasun, ordena eta garbiketa baldintza handienetan ospatzea ahalbidetzeko.

Paellen hitzordua eta Areetako Santa Anako jaiak aldi berean izango dira, eta jarraian San Inazioko jaiak uztailaren 28tik 31ra; Romokoak uztailaren 30ean eta abuztuaren 1etik 6ra, eta Portu Zaharrekoak abuztuaren 11tik 14ra. Irailean Ama Mesedetako jaiak izango dira, irailaren 22tik 24ra.

Iaz bezala, udal diru-laguntzen banaketa auzo bakoitzeko errealitatera egokituta jai batzordeekin lortutako akordioaren ondorioz izango dira. Diru-laguntzen igoera udal gobernuak (EAJ/PNV eta PSE-EE) EH-Bildurekin 2016ko aurrekontuetan adostu zuen murrizketen berreskurapenaren ondorioa da, eta aurtengorako diru-emakiden %5 gehiago suposatu du horrek. Jai jendetsuei dagokienez, aurten San Inazioko jaietara 41.735,52€ zuzenduko dira (iaz 36.700€); 32.637,86€ Romokoetara (iaz 28.700), eta 27.634,13€ Portu Zaharreko jaietara (24.300€ aurrekoetara). Ohi bezala, jai-egitarauak batzordeek egindakoak dira, eta Udalak batzordeei emandako diru-laguntzarekin bitartez eta giza baliabideak eta materialak haien esku jarriz kolaboratzen du, eta baita urte osoko koordinazioa ere.

Imanol Landak, Getxoko Alkateak nabarmendu du udalerriaren dinamizaziorako jai batzordeek egiten duten lana, eta getxotarrak gonbidatu ditu “kalera ateratzera laguntzekin, senideekin eta bisitatzen gaituztenekin jaietan gozatzeko. Askatasunean eta gainontzekoekiko errespetuarekin gozatzera, inolako eraso sexistarik gabe, eta begi-bistan Emakunderen “Jaietan, ere Beldur Barik” leloa edukita”.

Bestalde, Ertzaintzak eta Getxoko udaltzaingoak herriko jaietan segurtasuna bermatzeko neurriak batera jarri dituzte indarrean.

Eraso sexisten aurkako kanpaina

Getxoko Udalak bat egin du aurten Emakundek sustatutako Beldur Barik! Jarrerarekin, jaietan eraso sexistak prebenitzeko eta horien kontra joateko kanpainan. Helburua da jai-lekuetan eta egunetan ere errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzea. Horretarako, bi publizitate kubo jarriko ditu Udalak jai guneetan hurrengo datetan: uztailaren 23an Aixerrotan, Nazioarteko Paellen Txapelketarako; uztailaren 28tik 31ra Algortako jaietan; abuztuaren 1etik 5era Romoko jaietan; abuztuaren 11tik 14ra Portu Zaharreko jaietan, eta irailaren 22tik 24ra Areetako Ama Mesedetako festetan. Udalak ere 800 kartel eta 5.000 pegatina argitaratu ditu udalerriko jaietan ipintzeko eta banatzeko.

Arriskuen murrizketaren aldeko kanpaina

Aldi berean, beste urte batez, Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, alkohola eta beste droga mota batzuk hartzeari lotuta ager daitezkeen arriskuak murrizteko ekimena bultzatuko du. Alde batetik, karpa bat jarriko dute alkoholemia-kontrol boluntarioak egiteko eta bestetik, furgoneta-karpa bat izango da ere, jaietan bertan informazioa emateko eta drogak aztertzeko zerbitzuekin (Testing programa). Biak abuztuaren 12an, larunbatean, egingo dira Portu Zahareeko jaietan, 00:00etatik 03:00etara.

Beira batzeko kanpaina Paelletan

Ecovidrioren eta Udalaren arteko elkarlanari esker, Paellen egunean beira-edukiontziak jarriko dira lehiaketaren eremu ofizialean. Horrez gain, lehiaketaren ondoko esparrura ere hurbilduko dira, bertan sortzen diren beira-hondakinak horretarako gaitu diren edukiontzietan uzteko. Ecovidrio enpresak jarritako lau pertsona arituko dira lanean eta heldulekudun plastikozko poltsak banatuko dituzte, beira-hondakinak bertan sar ditzaten. Horiek aldian-aldian igaroko dira postuetatik bereizitako beira jasotzeko eta esparruan jarritako edukiontzietan hondakinak deskargatzeko. Aurtengoan, ekintza hori lehiaketa ofiziala antolatzen den alboko eremura zabalduko da, hartara, esparru horretan beira-hondakinak uztea saihesteko eta azken urteotan ohikoak izan diren erorikoak, irristadak eta ebakiak gutxiagotzeko.

Gainontzeko jaiei dagokienez, tokian bertan hautaketa egin ahal izateko lanean ari da jai-batzordeekin.

Su artifizialak San Inazion

Algortako jaietan su artifizialak San Inazio egunean izango dira berriro, uztailaren 31n, 23:00etan. Hori dela eta, egun horretan, 22:00etan itxiko da Ereagako hondartzarako sarbidea itxiko da ibilgailuentzat zein oinezkoentzat, Kirol Portua eta Txomintxuko sarreraren arteko biribilguneetan. Bi biribilgune horien artean aparkatzeko dagoen tokian ere eragina izango dute suek, segurtasun aldetzat jotzen delako, eta horregatik ezin izango dira ibilgailuak bertan aparkatu eta baten bat egotekotan garabiak eramango du.

Zirkulazio neurriak eta barrakak Ereagan

Uztailaren 23an, igandean, Paella Txapelketaren egunean, Udaltzaingoak zirkulazioa errazteko behin-behineko ordezko ibilbidea ezarriko du trafikoa arintzeko. Jai eremura Aingeruraren etorbidetik eta Gustavo Adolfo Bécquer (horretan bidearen albo banatan aparkatu ahal izango da) kaletik sartu beharko da eta irten Bostgarrena, Peña de Santa Marina eta Gabriel Ramos Urangatik.

'Saninazioetan' Algortako jaietako eremua egunero itxita egongo da autoentzat uztailaren 28tik 31ra, gutxigora behera 18.00etatik 06:00etara, hainbat unetan, jende kopuruaren arabera, zabaldu ahal izango den arren. Getxoko Zirkuitua-XIV. Ricardo Otxoaren Oroimenezkoan ere zirkulazio neurri batzuk ere ezarriko dituzte uztailaren 31n, hain zuzen ere, Getxoko ibilbide osoan, 09:00etatik aurrera lasterketa igaroko den kale guztietatik txirrindulariek eramango duten noranzkoan ibiliz. Bestalde, Ereagan, pasealeku ondoko bidean barrakak egongo direla eta, Turismo bulegoaren eta igogailuaren arteko zatian, hegal ondoan, bi noranzko bidea egokituko da aldi baterako. Neurri hori uztailaren 26tik abuztuaren 8ra bitartean egongo da indarrean, barrakak publikoarentzat uztailaren 28tik abuztuaren 6ra bitartean zabalik egongo badira ere. Abuztuaren 3a egun herrikoia izango da eta barraken prezioa euro batekoa izango da.

Romon eta Portu Zaharrean antzeko neurriak jarriko dituzte indarrean. Romon, beste behin-behineko etete batzuk izango dira, Herri Krossagatik, goitibehera jaitsieragatik, pregoiagatik eta txupinazoagatik. Portu Zaharrean jaietako muntatze lanak egiten hasten direnetik itxiko da bidea Ereagako igogailuaren paretik, aparkalekua hesiekin zarratuko dute, eta ez da zabalduko, behin jaiak amaituta eta aldi bateko instalazioak kenduta egon arte. Hornikuntzako ibilgailuak eta egiaztagiri berezia dutenak baino ezin izango dira sartu.

Tabernak eta txosnak

Ostalaritzaren sektorea laguntzeko eta, aldi berean, herritarrek jaiegun hauetan atseden hartzeko duten eskubidea bermatzeko, Algortako ostalaritzako saltokiek ohi baino ordu bat eta erdiz beranduago zarratzeko baimena edukiko dute uztailaren 28tik 30era. Laster onartuko dira Romoko, Portu Zaharreko eta Ama Mesedetako jaietako ordutegia zabaltzea baimentzen duten dekretuak.

Txosnei dagokienez, Saninazioetan 3 izango dira Telletxeko aparkalekuan, gehi jai batzordearena San Nikolas Frontoian, jaietako eszenatoki nagusiaren ondoan; Romon 5 izango dira, gehi Batzordearena ere, eta guztiak Santa Eugenia kaleko aparkalekuan, Geltokiaren ondoan, egongo dira, jaietako agertoki nagusian; Portu Zaharrean beste 4 izango dira, Batzordearenaz gain, jai-eremu nagusian ere, zabalgunean, alegia. Guztiak herriko kirol taldek eta elkartek kudeatuko dituzte.

Txosnen ordutegiari dagokionez, eta tabernetakoen helburu berberarekin, zuzeneko musika 03:00etan amaituko da jai-bezperatan eta 01:30ean astegun bezperatan; musika, oro har, 05:00etan amaituko da jai-bezperatan, 1:30ean jaietako azken egunean, eta 03:30ean gainontzeko egunetan. Txosnak musika kendu eta ordubetera itxiko dituzte, azken egunean izan ezik, horretan ixtea eta musikaren amaiera ordu berean izan beharko baita.

Zurrumurruen kontrako Estrategia

Getxoko Udalaren Zurrumurruen kontrako Estrategia ere jaietan izango da, jarduerari buruzko informazioa zabaldu eta parte hartzera animatuko dituzten stand batetik. Stand hori uztailaren 29an Algortako San Nikolas plazan egongo da, Romokoetan, abuztuaren 6an, Santa Eugenia plazan, eta abuztuaren 12an Itxas Bide ondoan, Portu Zaharreko jaietan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos