http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxo, bihotz-babestutako udalerria

Instalatutako desfibriladore berri bat. / Getxoko Udala

Udalak 19 desfibriladore dauzka jada bere instalazioetan

ELCORREO.COM

Udal eraikin ezagun eta jendetsuenetan bihotz-babeseko zenbait eremu sortzeko eta Getxon bihotz-babesa areagotzeko, udalak 15 ekipo desfibriladore erdi-automatiko erosi ditu –geolokalizazioarekin eta berehala 112ra deitzeko zerbitzuarekin–, duela gutxi zenbait udal eraikinetan jarri direnak. Modu berean, ekipo desfibriladore eramangarri bat erosi da, Udaltzaingoaren ibilgailu batean eramateko. Inbertsioa, guztira, 37.752 € izan da.

Desfibriladore erdi-automatikoak edozein herritarrek erabil ditzake, baldin eta herritar batek bihotz-birikietako geldialdia edo bat-bateko heriotza pairatzen badu. Getxon leku hauetan jarri dira: Udaletxeko hallean; Santa Klara jauregiko hallean; Udaltzainetxeko hallean; Urgull kaleko udal eraikinean (Gizarte Zerbitzuak, Gazteria, Komunikazioa) eta Etxe Sorginduan (Langileria, Euskara, Informatika eta Lan Arriskuen Prebentzioa).

Erakunde autonomo hauetan ere jarri dira: Fadurako kiroldegian (2); Gobelako kiroldegian (2); Villamonteko Kultur Etxean; San Nikolas liburutegian; Romo Kultur Etxean; Udal Egoitzan; Andres Isasi Musika Eskolan (Areeta) eta Andres Isasi Musika Eskolan (Algorta).

Hamabost ekipo hauei lehen zeudenak gehitu behar zaizkie: kiroldegietako hirurak (Faduran 2 eta Gobelan 1) eta Herri Babeseko ibilgailuak daukan gailu eramangarria (1). Udal langileek prestakuntza jasoko dute, instalatutako ekipoak erabiltzeko pautak eta ezaugarriak ezagutzeko.

Azkar erabili

Desfibriladore baten erabilera oso eraginkorra da azkar erabiltzen bada. Bizia salba dezakezu berarekin.

Bentrikulu-fibrilazioaren aurkako tratamendu eraginkor bakarra desfibrilazio elektriko goiztiarra da; beraz, esku hartzen duen lehen pertsonaren parte hartzea funtsezkoa da. Aurrerapen teknologikoei esker, zenbait desfibriladore asmatu dira, beraien ezaugarriei eta funtzionamenduari esker, eta dauzkagu froga zientifikoen arabera, ezin egokiagoak direnak osasun-alorrean lan egiten ez duten pertsonek osasun-alorretik kanpo erabiltzeko. Kanpo desfibriladore automatikoak eta erdi-automatikoak dira, hau da, Getxoko Udalak erosi dituenak.

Ermuan diseinatua

Desfibriladoreen hornidura BEXEN Cardio enpresa bizkaitarrari adjudikatu zaio, estatuan desfibriladoreak egiten dituen fabrikatzaile bakarra, sektorean 35 urte baino gehiagoko esperientzia duena. Hornitu digun modeloa REANIBEX-300 da.  Desfibriladore hau, Ermuan diseinatua eta fabrikatua erabat, punta-puntako ekipoa da. Erabiltzeko oso erraza da, laguntza-pantaila zabala baitauka bihotz-biriketako bizkortzeko prozesu osoa egiteko. Gainera, diagnostikoko algoritmoak dauzka, UPV-EHUren eta Osakidetzako zentroen laguntzaz eginak, nazioarteko estandar exijenteenekin balidatuak.

Fotos

Vídeos