http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gervasio Sánchezen 'Sarajevo, gerra eta bakea' erakusketa Gasteizen ikusgai

Gervasio Sánchezen 'Sarajevo, gerra eta bakea' erakusketa Gasteizen ikusgai

SERGIO EGUÍA

Bosniako gerraren izugarrikeria prentsa-argazkilariak egindako 50 irudiren bidez ezagutarazten du erakusketak; horien erdia gerra garaian hartutakoak dira, eta beste erdia, duela urte gutxi. Argazkiak 25 diptikotan banatuta daude: batetik, Sarajevon 1992tik 1994ra bitartean hartutako zuri-beltzeko argazkiak ageri dira, eta bestetik, leku berak bake garaian, hamabost urte geroago, horien bila joan baitzen argazkilaria.

“Bosnia-Herzegovinako gerra nire bizitza profesional eta pertsonalaren zati bereizezina da. Ia egunero datorkit oroimenera gatazka hura. Etengabeko bonbardeketekin amets egiten jarraitzen dut, eta bertako biztanleen aurpegietan izua ikusten, 2017ko apirilean hasi zeneko mende laurdena bete arren.

Han ikasi nuen gerra ezin dela kontatu. Boligrafoa estutzen, irudimena zorrozten edo errealitatea enkoadratzen nahi beste ahalegin eginda ere, inoiz ez duzu lortuko irakurlea gatazka armatuaren egiaz jabetzea. Izugarrikeria imajinaezina da bizi izan ez duenarentzat.

250.000 bosniar hil edo desagerrarazi zituzten, eta horietako 16.000 adingabeak ziren. Sarajevon bakarrik 1.601 ume hil ziren. Herrialde osoan, amarik edo aitarik ez duten 25.000 adingabe daude”. Gervasio Sánchez

Bi milioi eta erdi biztanlek (populazio osoaren % 60) utzi behar izan zituzten beren etxeak, garbiketa etnikoaren erruz. Horien erdiek Bosnia-Herzegovinako mugetatik kanpo bizitzen jarraitzen dute, edo herrialdearen barruan lekuz aldatuta.

Euskal Fondoak eta Gasteizko Udaleko Lankidetza Zerbitzuak antolatu dute erakusketa, Bosniako gerraren hasieraren 25. urteurrena dela eta.

Gervasio Sánchezek 1984an ekin zion kazetari independente gisa lan egiteari. Hamabi argazki-libururen egile, hainbat sari eskuratu ditu, horien artean: Cirilo Rodríguez, Club Internacional de Prensa, Andalucía de Cultura, Derechos Humanos de Periodismo, Liber Press, Javier Bueno, Ortega y Gasset eta 2009ko argazkigintzako sari nazionala. 1998tik, Unescoren bakearen aldeko ordezkari berezia da.

Erakusketaren iraupena: 2018ko urtarrilaren 19tik otsailaren 11ra arte.

Jarduera osagarriak: otsailaren 8an, 19:00etan, Gervasio Sánchezen hitzaldia: “Los ojos de la guerra”

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos