http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Gero eta jende gehiago etortzen da nesken futbola ikustera»

Damaris Egurrola, Emakumeen Europako futbol txapelketa irabazi eta gero./UEFA
Damaris Egurrola, Emakumeen Europako futbol txapelketa irabazi eta gero. / UEFA

Espainiar Selekzioarekin Europako txapelduna izatera iritsi berri da Damaris Egurrola Athleticeko jokalari gaztea

IZASKUN MOYANO

Ez da astebete baino gehiago pasatu Damaris Egurrolak (Orlando, 1999) Emakumeen Europako futbol txapelketa irabazi duela hemeretzi urtetik beherako Espainiar Selekzioarekin batera eta oraindik ez du guztiz sinetsi. Baina horren froga badarama buruan. Berak eta beste zazpi taldekidek apustu bat egin baitzuten: Europako txapelketa irabazi ezkero, ilehoria jarriko zutela. Esan, lortu eta egin. «Orain biserarekin ateratzen naiz kalera», esan du gazteak algara artean.

Partida itzela izan zen Frantziaren aurka jolastutako final hura. Bigarren gola sartu zuen Damarisek bere taldearen alde. «Buruz eta atzez eman nion baloiari, beraz hasieran ez nintzen ohartu ate barruan zegoela»; baina ondoren taldekideak korrika hurbildu zitzaizkion gola ospatzera.

Taldekide baino, «lagun» hitza erabiltzea zuzenagoa litzateke. Espainian Selekzioan ez dago Athletic eta Realaren pikea edota Bartzelona eta Real Madrilen arteko norgehiagokarentzat lekurik. Denbora luzea pasatzen dute elkarrekin, txapelketa, partidu eta entrenamenduak direla medio. «Whats Appe bidez kontaktuan gaude uneoro. Oraindik faltan botatzen dugu elkar».

Hauetako batzuk espainiar selekzioko hastapenetan ezagutu zituen, duela bi urte hamazazpi urtetik beherako mailan jolasten hasi zenean, hain zuzen ere. Ipar Irlandan, mundialerako sailkapeneko lehenengo fasean egin zuen debuta Damarisek. Eta oraingoan ere Belfasten bertan jokatu eta irabazi dute Europako finala. «Beti eramango dut bihotzean Ipar Irlanda».

Ez dakigu ba lekurik badauka, bihotza dagoeneko zatituta baitauka. Aita pilotari ondarrutarra du izatez eta Ameriketara jolastera joateko erabakia hartu zuen. Han ezagutu zuen Damarisen ama, herbeheretarra. Jokalari gaztea jaio eta zazpi urterekin Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten. Arteagan bizi dira gaur egun. Euskara, gaztelania, ingelesa eta baita holandarra ere hitz egiten ditu neska gazteak. «Gainera amak beste bost bat hizkuntza gehiago dakizki», onartu du barrez.

Arteaga herri txikia da eta guztiek elkar ezagutzen dute. Honen harira, badakite Damaris nor den eta zer eskuratu berri duen. Kaletik argazki eta autografoak eskatzen dizkiote eta dagoeneko aipamen berezia ere egin diote udaletxean. Izan ere, laster izango dira herriko jaiak eta zerbait jasoko duela uste du. Asko maite dute Athleticeko jokalaria Arteagan. «Europako finala guztiak batera bizi zuten herriko tabernan pantaila handi bati itsatsita».

Itsatsita ezin izan ditu eduki baina, betiko lagunak. Izan ere, hilabete darama haiekin egon gabe. Futbolari gisa errutina ezberdina jarraitu izan du beti. Atzerrian jokatu beharreko partidak, selekzioarekin kontzentratuta egon beharreko denbora eta entrenamenduak ugariak dira. Hauen ondorioz, klasera joateko orduan ere arazoak izan ditu. Batxilergoa hasi bezain pronto futboleko mundiala jokatu behar zuen iaz. Hilabete eman zuen etxetik kanpo eta itzultzerakoan eskolan galduta sentitu zelan onartu du gazteak. «Irakasleek azterketak beste egun batzuetan jartzeko eskakizunari trabak jarri zizkien».

Zorionez, selektibitatea ere burutu eta fisioterapia ikasteko grina du Damarisek. Baina ez du futbola alde batera utziko, ez horixe. Ez du bere bizitza futbolik gabe imajinatzen, beti baitago partiduak ikusten, jolasten edo horien inguruan hitz egiten. Aitarekin hasi zen txikitan parkean baloia lehendabizikoz ukitzen. Gurasoek hasieran arraro xamar ikusten zuten neska bat futbolean aritzea, baina hain zen handia jolasteko gogoa, Lumoko futbol salako taldera apuntatu zutela. «Talde hartan neu nintzen neska bakarra».

Urteak aurrera joan ahala badirudi gauzak aldatzen doazela. Gero eta gehiago dira futbolean jolasten animatzen diren neskak. Horrez gain, Damarisen ustez, komunikabideek ere emakumeen kirolaren aldeko apustu handia egiten dihardute, batez ere futbolaren alde. «Egun gero eta jende gehiago ikus genezake Lezamako harmailetan, beteta egoten dira», adierazi du harro.

Polemikaz inguratuta

Iaz, Espainiako futboleko liga irabazi baino lehen, azken entrenamenduaren ondoren prentsa aurrekoa deitu zuten Athleticeko nesken taldeak. Baina zoritxarrez ez zen komunikabide bakarra ere prentsa aretoan agertu. Ondorioz, entrenatzaileak aldageletan gertatutakoa kontatu eta prentsa aurreko hura kendu egin behar izan zuen. «Egun hartan alde batera utzita sentitu ginen».

Handik egun batzuetara ligako txapeldun gelditu ziren eta Athleticen beti egin izan den bezala 'Gabarra' ateratzea eskatu zuten herritarrek, azkenean Aldundiak eskakizuna alboratu utzi bazuen ere . Une hartan neskek bazekiten garaipen hura polemikaz inguratuta egongo zela. Baina jokalariak arazoari muzin egin eta festaz gozatu zuten. Ehunka pertsonez bete ziren Bilboko kaleak autobusean zihoazen neska txapeldunei harrera egiteko asmoz. «Ez nuen espero. Izugarria izan zen», gogoratzen du Damarisek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos