http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Gero eta gutxiago eta gero eta okerrago irakurtzen da»

Irudian, Xabier Etxaniz EHUko irakaslea./Arizmendi
Irudian, Xabier Etxaniz EHUko irakaslea. / Arizmendi

Ikasturtea berriki hasi dela eta, irakurketa lantzeaz eta sustatzeaz mintzo da Xabier Etxaniz, idazle eta irakaslea

JOXEME LOPEZ DE ARANA

Xabier Etxaniz Erle (Oñati, 1961) ibilbide luzeko irakaslea da UPV/EHUn, Gasteizko Irakasle Eskolan (gaur egun Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen osagaietariko bat). Haur eta gazte literaturaren arloko ikertzailea da, eta idazlea ere bai. Haur eta Lehen Hezkuntza graduetako ikasketetan, hain zuzen, ‘Gaur egungo haur eta gazte literatura’ eta ‘Irakurketa lantegia’ irakasgaien arduraduna da, ‘Eskola-liburutegia eta irakurzaletasuna’ izeneko minorrean. Horren haritik, ikasturtea berriki hasi den honetan, irakurketa lantzeaz eta sustatzeaz hitz egin nahi izan dugu berarekin.

-Euskal hezkuntzako ikasleen irakurketa gaitasunak PISA txostenean izandako beherakadak bazterrak harrotu ditu azken hilabeteotan. Hala ere, zein da zure ustez irakurketaren benetako egoera, inkestetatik harago?

-Nire ustez gero eta gutxiago eta gero eta okerrago irakurtzen da. Teknologia berriekin, gaur egungo gizarte babesle honekin, irakurketaren eta esfortzuaren baloreak galtzen ari gara. Oso seriotan aztertu beharko genuke zer egiten ari garen irakurketan hezteko gure belaunaldi berriak; orain, badirudi letrak interpretatzearekin nahikoa dela, eta teknologien eskuetan uzten ditugu gure haurrak; tablet edo ordenagailu bat izanez gero informazio guztia eskura dutela ematen du, baina non dago norberaren irizpidea? Non dago kritikotasuna edozein informazioren aurrean? Utzikeria handia dagoela uste dut, eta ez naiz ari eskolaz bakarrik, gizartea osotasunean, etxetik hasita, albo batera uzten ari da bere ardurak, baita irakurketan ere.

-Hezkuntzako agintariek irakurketa hobetzeko neurriak agindu dituzte ikasturtearen hasiera honetan. Zer iruditu zaizkizu?

-Ez dakit zein neurri diren. Orain arte ez diot inori entzun ez irakurri zertan den irakurketa plan hori. Neurri orokor batzuk agertu dira komunikabide batzuetan, ordu erdi dedikatzea egunero irakurtzeari eta ikastegi bakoitzak bere plana egitea. Hori duela hiru urte egin zuten Murtzian… Ez dakit hemengo neurriak haien kopia diren edo beste batzuk.

-Zer egin behar da, zure ustez, gure haur eta gazteen irakurtzeko gaitasuna hobetzeko?

- Neurri batzuk hartu, plan orokor bat egin. Eta orokorra diodanean ez da Hezkuntza sailarena bakarrik izan behar; hor daude komunikabideak (telebista batez ere) eta izugarria izan daiteke horien papera irakurketa bultzatzeko orduan. Oraindik ere gogoratzen naiz TVEn asteburuetako albistegietan liburu baten berri ematen zutenean sistematikoki. Hori garai batean egin zen eta nahiz eta oso ondo baloratu (aurkezleari, Fernando Delgado idazle gaur egun ezagunari, sariren bat ere eman zioten) ez da gehiagotan egin. Gurasoei azaldu behar zaie zein garrantzitsua den beren papera. Gauero bost-hamar minutu eskaintzea haurrari ipuinak kontatzera. Kanpainaren bat egin beharko litzateke horretarako, liburuak gomendatu, liburuen promozioa egin… ikastegietan neurriak jarri (biblioteketan, esaterako) gurasoei laguntzeko etxeetan kontaketak sartzen.

«Ez naiz ari eskolaz bakarrik, gizartea osotasunean, etxetik hasita, albo batera uzten ari da bere ardurak, baita irakurketan ere»

-Batez ere irakurketa literarioaz ari zara, ezta?

-Horixe. Kultura sailak ere bultzatu beharko luke haur eta gazteentzako literatura, lagundu zabaltzen eta kalitatezko obrak promozionatzen. Horrez gain, komunikabideetan bisualizatu beharko litzateke literatura hori. Hezkuntza sailak ere serio hartu beharko luke kontua, laguntzak bideratuz ikastegietako bibliotekak hobeto hornitzeko (eta ez ixten joateko orain egiten ari den bezala); indartuz bibliotekarien sarea, zentroetako irakasleen arteko kolaborazioa bultzatuz irakurketaren inguruan… Ikusten duzunez ez da neurri bat edo besteko kontua, gizarte mailan eman beharreko mentalitate aldaketa behar da.

-Hezkuntza sistemako formatzaileek, irakasleek, nolako prestakuntza izan beharko lukete halako erronka garrantzitsuari aurre egiteko?

-Nik uste, agian oker egon naiteke, azken urteotan literaturaren eta irakurketaren heziketa albo batera utzi dugula eta «irakur dezatela zerbait» esatearekin konformatzen garela. Gainerako arloetan bezala, literaturan ere, hezi egin behar da, zailtasunak gainditzen ikasi, irakurketa ezberdinak ezagutu… gaitasunak izan ditzagun. Sisteman dauden irakasleek eta formatzen ari direnek hori ulertu behar dute, eta hortik aurrera neurriak har daitezke, baina hori gabe alferrik ari gara ikastaroak eta gomendioak egiten.

-Zein da, kontu honetan, literaturaren papera? Nolako literatura behar dugu?

-Literaturak bi paper bete behar ditu formakuntza honetan, alde batetik hezitzearena, haurrek ezagutu eta ikas dezaten testu ezberdinak interpretatzen, gero eta testu zailagoak bereganatzen. Hor, plazera bigarren maila batean utzi beharko genuke. Futbola, saskibaloia edo gimnasia egiten dutenek bezala, entrenamenduetan sufritu egin behar da, korrika asko, giharra indartu… eta gero, etorriko da plazera, disfrutatzea, gozatzea. Hau da, literatura plazerezko tresna bat da, baina baita gure mundua interpretatzen laguntzeko ere. Eta ez naiz ari bakarrik literaturaren bidez ezagutzen ditugun kontuez, alegien jakituriaz, kontakizunetako ikaskizunez… baita ironiaz edo zeharka kontatzen eta gertatzen diren kontuak interpretatzeaz ere. Bizitzarako defentsa gehiago izateaz.

-Nolako garrantzia dute eskola-liburutegiek prozesu horretan?

-Duela gutxi azterketa bat egin da Bizkaiko hainbat eskola-liburutegi aztertuta, eta liburutegiek ondo funtzionatzen zuten, zentroetan ikasleek gehiago irakurtzen zuten. Ez dakigu zeintzuk diren PISAren emaitzak zentroka, baina ziur nago horrelako zentroetan emaitza hobeak aterako direla. Horrekin nahikoa esan dudala uste dut…

«Ez da neurri bat edo besteko kontua, gizarte mailan eman beharreko mentalitate aldaketa behar da»

-Baduzu beste ezer gaineratzekorik?

-Berriro azpimarratzea, honen gainean, neurriak hartu nahi badira egoera bideratzeko, sektore askoren arteko akordioak edo elkar-lana beharko dela. Gure agintariak, benetan kezkatuta badaude, bildu eta ordu erditxo bat eskaini beharko liokete irakurketa hobetzeko plan bati. Eta berriro diot, hau ez da eskolaren ardura. Edo ez eskolarena bakarrik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos