http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gernikako Berbalagunak euskeraz gozatzeko 15 ibilbide batu dauz

Ikasturtearen barruan, hainbat lagun animatzen dira Berbalagunen ibilbideak egitera./Maika Salguero
Ikasturtearen barruan, hainbat lagun animatzen dira Berbalagunen ibilbideak egitera. / Maika Salguero

Euskaldun barri eta zaharren sarea zabaltzea eta indartzea helburua daukan taldeak hamalau ikasturte beteko dauz, aurtengoan

IRATXE ASTUI

Ia hamabost urteko ibilbidea beteko dau Gernikako Berbalagun taldeak laster, 2003-2004 ikasturtean sortu zana kontutan izanda. Bidean, hain zuzen be, hainbat ekintza, tailer, dantza ikastaro, eta baita kultur urteerak be antolatu izan dabez, hilero-hilero, taldekideek. Kanpaina barriaren hasieragaz, oraingoan, Gernikako Berbalagunak ‘Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko’ tituludun koadernoa argitaratu barri dau. Fitxategian, «euskaraz gozatzeko» hamabost bat txango proposatzen dabe taldeko lagunek.

«Argitalpena edozeinentzat erabilgarria da, bide luzeaz zein laburraz gozatzeko aukera emoten dauena, lagunartean, familian,…eta horrek bultzatu gaitu jendaurrean jartzera», azaldu dabe herriko Berbalagun elkartetik. Kaleratu egin dan anilladun karpetan, herri barruko, inguruko eta Busturialdean barrena doazen ibilbideak batzen dira, fitxategi moduko baten. Ibilbide bakotxari jagokon tartean, bidean aurkituko diran gauzarik aipagarrienak azaltzen dira. «Horra hor, besteak beste, monumentuak, ermitak, baserriak, landaredia, mitoak eta paisaiari lotutako bitxikeriak», zehaztu dabe koadernoaren egileek.

Lagun artean eta euskeraz egiteko ibilaldiek Urdaibaiko mugak, iragan megalitikoa edo arraina eta ardoaren bidearen zati batzuk egiteko aukerak eskaintzen dabez. Horrezaz gainera, itsasadarretik artadira, Berrekondo eta Golako erreketako arroetatik zein Muxika aldera «sorginen antzera» ibiltzeko erak erakusten dabez txagoetan, beste askoren artean.

85 taldekide

Fitxa bakotxari, garraoi publikoen URLak gehitu jakoz eta baita be ibilbide bakotxari jagokon mapa, fitxa teknikoa, zailtasun maila, luzeera eta maldak. Gernikako Berbalagunak atzo hasi zan fitxategia bana-tzen jendeartean, baina halandaze, eskoletan be eskuragarri egongo dala jakinarazi dabe taldeko arduradunek. «Guztira 500 koaderno argitaratu doguz. Dana dala, ibilaldi bakotxaren ganeko pdf agiria eskuratu daiteke http://ibilbideak.gernika-lumo-euskaraz.eus/ibilbideak web gunean», jakinarazo dabe.

Aurtengo ikasturtean, bataz beste, 85 lagun alkartuko dira Gernikako Berbalagun taldean, hamabost bat taldetan banatuta. Alkartearen helburua da euskaldun barri eta zaharrak alkartzea «euskera praktikatu eta euskeraz bizitzeko», zehaztu dabe. Mintzataldeak bost-sei lagunekoak izaten dira eta horreek osotzeko kontutan hartzen dira «parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta zaletasunak». Beste urte batez eta hainbeste ekintzen artean, Berbalagunak ‘Ezetz jakin’ galdetegi lehiaketa mantenduko dau bere programazioan.

Fotos

Vídeos