http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Gernika 80 urte. Bakerako musika gerraren urteurrenean' kontzertu-zikloa

Kontzertu zikloaren aurkezpena Guggenheimean./
Kontzertu zikloaren aurkezpena Guggenheimean.

Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Koralak kontzertu-saila antolatu dute Guggenheimarekin eta Madrilgo Sofia Erregina Arte-Zentroko Museo Nazionalarekin elkarlanean

ELCORREO.COM

Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena oroitze aldera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Koral Elkarteak kontzertu-saila antolatu dute Guggenheim Bilbao Museoarekin eta Madrilgo Sofia Erregina Arte-Zentroko Museo Nazionalarekin elkarlanean. Kontzertu horiek bi museootan eta Gernikako Andra Mari elizan emango dira.

Euskara eta Kultura arloko diputatua den Lorea Bilbaok gidatu zuen kontzertu-zikloa aurkezteko ekitaldia, Bilboko Koral Elkartearen ordezkariekin batera; izan ere, bertan izan dira José Miguel Lanzagorta Elkartearen lehendakaria, Iñigo Alberdi gerentea eta Enrique Azurza zuzendari artistikoa. Horrezaz gainera, Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia den Juan Ignacio Vidartek ere esku hartu zuen ekitaldi horretan.

Emanaldiak irailean eskainiko dira, eta ondoko hau da horien helburu nagusia: historian izan den gerra totalaren lehen saioa jasan zuten gernikar guztiak gomutan izatea. Horri dagokionez, herritarrak beste pertsona batzuek beste toki batzuetan jasan edo jasaten dituzten gatazkez jabetzea da proiektu honen bigarren xedea, gatazkok ahaztu ez ditzagun eta oroimen kolektiboak gogo-gogoan izan ditzan.

Horretarako, hiru kontzertu ezberdin emango dira hiru toki enblematikotan: bi Bizkaian eta bat Madrilen.

Lehenengo kontzertua irailaren 22an emango da Gernikako Andra Mari elizan. Toki zeharo adierazgarria da eliza hori, bonbetatik eta sutatik salbatu zen eraikin apurrenetarikoa izan baitzen; hain zuzen ere, bertatik atera zen geroago mundua biziki hunkitu zuen argazkia: herri suntsituaren eta biztanleria atsekabetuaren irudia. Kontzertu berezi horretan, Bilboko Koralaz gain, hiribilduko hiru koruak ere izango dira kantari: Gaudeamus Korala, Andra Mari Korala eta Seber Altube Korala.

Bigarren kontzertua irailaren 28an emango da Guggenheim Bilbao Museoan. Kontzertu hori Christos Hatzis konpositore greziar-kanadarraren Everlasting Light bake-kantuaren Europako estreinaldia izango da.

Azkenik, hirugarren emanaldia irailaren 30ean eskainiko da Madrilgo Sofia Erregina Arte-Zentroan, hots, Picassoren Guernica koadro ospetsua ikus daitekeen Museoan bertan. Zentro horretan, Christos Hatzisen musika-obra bera interpretatuko da, gerraren izuaren eta Bizkaiko herriaren bonbardaketak eragin zuen suntsipenaren eta heriotzaren aurkako kantu gisa.

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duen proiektu hau Bilboko Koral Elkartearen, Guggenheim Bilbao Museoaren, Sofia Erregina Arte-Zentroaren eta Gernikako Andra Mari elizaren arteko lankidetzaren bidez gauzatu da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos