http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Huntza: «Ez genuen horren arrakastatsuak izatea espero; bilatu ere ez»

Huntza taldeko kideak. / HUNTZA

Huntza taldeko gitarrista den Aitzol Eskisabelekin izan gara taldearen nondik norakoei buruz solasean

IZASKUN MOYANO

Liburutegitik atera berri harrapatu dugu Aitzol Eskisabel, Huntza taldeko gitarrista. Musikaren munduan aritzeaz gain, ingenieritza elektronikoa ikasten du ataundarrak Euskal Herriko Uniebrtsitatean. Berak bezala, gainontzeko taldekideek Leioako kanpusean burutu zituzten ikasketak. «Ostegunetako triki-poteoetan hasi ginen jotzen», gogoratu du Eskisabelek.

Josune, Aitor, Uxue, Peru eta Aitzolek berak ere dagoeneko bazuten eskarmentua musikaren munduan elkar ezagutu baino lehen. Baina elkarrekin soinua sortzeaz asko gozatzen zuten aitzakiarekin Huntza taldea jaio zen. Rock estiloko banda euskaldun baten kide izan nahi zuten, eta horretarako bajista baten presentzia ezinbestekoa zen. Une horretan hain zuzen ere Aitzolen anaia nagusia den Inhar sartu zen taldera.

Ahotsa eta trikitilaria den Josunek letra eta doinuaren ideia nagusi bat egin eta guztien artean osatzen dituzte abestiak. Unibertsitate garaian asko entseatzen zuten eta horren harira disko bat ateratzea erabaki zuten. Pausu hau ematea ez zitzaien batere merke atera beraz dirua eskuratzeko zerbait egin behar zuten. "Udan erromeriatan jotzen hasi ginen", aitortu du ataundarrak.

Biziki gogoratzen dute beraien lehendabiziko kontzertua. San Ferminetan izan zen eta beraien publikoa 7 entzulez osatuta zegoen. «Gu jotzera baino, juerga botatzera joan ginen», adierazi du algaraka Eskisabelek. Egun ordea, milaka zaleen aurrean kontzertuak eskaintzera ohituta daude. Izan ere, Hatortxu Rock jaialdi masiboan ere parte hartu zuten beraien musika 10.000 pertsonaren aurrean erakutsiz.

Gazteak badira ere, badute talentua gipuzkoar hauek. Izan ere, udan gehien entzun den abesti euskalduna beraiena da 'Aldapan gora'. Festa zein erromeriatan nagusi den kantak euskaldun askoren gorputzak jarri ditu mugimenduan azken hilabeteotan. Ez zuten arrakasta handia lortzea espero, ezta bilatu ere. «Huntzaren gorakada arin jun zan eta guk diskografikari pasatu genion marroia», aitortu du.

Marroia baino, bere guraso eta ingurukoak pozik daude gipuzkoarrek euskal musikan emandako lehen pausoez. «Ama oso harro sentitzen da bere bi semeak lortutako arrakastagatik», esan du Aitzolek. Bestalde, lagunek adarra jotzen omen diote juergan daudenean eta taldeko abestiren bat edo beste entzuten dutenean. «Hau ere Huntzarena ote?», galdetzen diote txantxetan.

Uda honetan tontorrean izan diren arren, urteak daramatzate Huntzatarrek musika egiten. Hasiera batean asko ikusten zuten elkar, guztiek kanpus berean ikasten baitzuten. Egun ordea, batzuek ikasketak burutu dituzte, beste bat kanpoan ari da masterra ikasten eta eguneroko zereginek entseatzeko denbora mugatzen die. Beraz, ez dute beste erremediorik aste bukaeran Ataunen batzea baino.

Ardi galduen pare? Inola ere ez!

Urteak aurrera egin ahala bakoitza bere bidea egiten ari da. Biologo, matematikari eta gizarte zientzialariek beraien ikasketekin zerikusia duen lana bilatu nahi baitute. «Ikasketak oso garrantzitsuak dira gure etorkizunerako, ez dugu musika gure ogibide gisa ikusten», onartu du ataundarrak. Ezinbestekoa da beraientzat elkarrekin batu eta musika egitea, oso harreman ona baitute guztien artean. Hala eta guztiz ere, argi dute sektore honetan etekina ateratzea oso zaila dela.

Momentuz, datorren Durangoko Azokan disko berria aurkeztuko dute, aurretiaz entzun ez ditugun abesti pare bat edo besterekin. «Daukagun harreman onak luzaroan iraun dezala espero dugu, musika eginez», adierazi du Eskisabelek. Huntzaren abesti baten esan bezala, 'berezi denak merezi'.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos