http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Genero indarkeria

L.A.A. eleberriaren azala./
L.A.A. eleberriaren azala.

Maixa Zugastik gaurkotasun handiko gaia hautatu du, nobelan kontatzen duen istorioa genero-indarkeriaren gainean aritzen da-eta

JAVIER ROJO

Beste idazle batzuek dagoeneko ibilbide luzea eginda daukaten adinean iritsi da Maixa Zugasti euskal literaturaren alorrera. Horretan, idazle hau salbuespen moduan ikus dezakegu. Euskal literaturan egin duen agerraldia 'L.A.A.' izenburua duen nobelarekin egin du. Argumentuaren aldetik idazleak gaurkotasun handiko gaia hautatu du, nobelan kontatzen duen istorioa genero-indarkeriaren gainean aritzen da-eta. Istorioaren abiapuntuan Maria Agerre izeneko psikologoa dugu, narratzailearen papera ere betetzen duena. Kartzelan egiten du lan, eta hori dela-eta Luis Andueza Abasolo (L.A.A.) izeneko presoarekin harreman profesionalak dauzka. Preso hau epaiketaren zain dago, emazte ohia hiltzen saiatzeagatik akusatua. Psikologoaren ikuspuntutik begiratuta gizon erakargarria da, eta hasieran harreman profesionala izan zena maitasunezko bihurtuko da. Argumentuaren bilakaera ikusita, nobelak oso desberdinak diruditen bi atal dauzka. Lehenengoan ikusiko dugu nola eraikitzen den harreman afektibo hori, Andueza preso dagoen bitartean. Bigarrenean presoa aske ateratzen denean, Mariarekin duen jokaera azalduko da. Bi atal hauek argumentuaren aldetik ez ezik, izaeraz ere desberdinak direla iruditu zait, lehenengoan narratzailearen jarrera pertsonala azaltzen baita, bigarrenean intrigazko alderdian sakontzen delarik.

Bi atal hauen artean dauden aldeak beste alor batzuetan ere ikus daitezke. Adibidez, psikologoaren eta atxilotuaren arteko harremana eraikitzen denean, argumentuaren bilakaera azal dezaketen kausa materialak bazterrean uzten dira. Esan nahi dut psikologoa gizonarekin itsuki maitemintzen dela azalpen handirik gabe, maitemintze prozesua berez gertatzen den gaixotasuna izango balitz bezala, idazleak ia 'deus ex machina' moduan jokatzen duelarik. Nobelaren bigarren zatian intriga nagusitzen denean, honelako istorioetan klasikoak diren osagaiak (ikertzaile pribatua eta guzti) agertzen dira, eta pertsonaiaren bilakaera psikologikoan baino gertakarietan zentratuago dago liburua.

Gaia interesgarria da, eta liburua gustura irakurtzen den horietakoa da, batez ere intrigaren atala, narrazioak jakin-mina pizten du-eta.

L.A.A. eleberria

Egilea:
Maixa Zugasti
Argitaletxea:
Algaida Sevilla, 2017152 orr. 18,00 euro

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos