http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gaztelugatxeko fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko auzolana izango da larunbatean

Gaztelugatxe./Maika Salguero
Gaztelugatxe. / Maika Salguero

Ostegunean, Ion Garin Barrio Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak 'Gaztelugatxeko bioaniztasuna arriskuan: 10 urte Pitiusetako sugandilaren kontra' hitzaldia eskainiko du Bermeoko Kultur Etxean

ELCORREO.COM

Bermeoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko auzolana antolatu dute larunbatean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren laguntzarekin. Aurretik, ostegunean, gaiari buruzko hitzaldi bat izango da Bermeoko Kultur Etxean.

Ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez, helburua da gizarteari tokiko biodibertsitateak duen arazo garrantzitsuenetako baten berri ematea, hau da, espezie exotiko inbaditzaileen sarrera eta haien eragina ekosistemetan. Horrez gain, lan zientifiko sakona herritarrekin elkarbanatu nahi da.

Horretarako, alde batetik, ostegunean, Ion Garin Barrio Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak 'Gaztelugatxeko bioaniztasuna arriskuan: 10 urte Pitiusetako sugandilaren kontra' hitzaldia eskainiko du Bermeoko Kultur Etxean, 19.30ean. Sarrera dohainik izango da.

Beste alde batetik, larunbatea1n, Gaztelugatxeko bioaniztasuna ezagutzeko eta fauna inbaditzailea kentzeko auzolana egingo da. Hitzordua goizeko 10.00etan izango da, Eneperi jatetxeko aparkalekuan, eta, gutxi gorabehera, auzolanak 13.00ak arte iraungo du. Gehienez 30 pertsonek parte hartu ahal izango dute, lehenengo izena ematen duten 30 pertsonek, hain zuzen ere.

Auzolana hasteko arazoaren berri emango da, eta 1990eko hamarkadan Pitisusaseko sugandila babestutako biotopoan sartu zenetik sorrarazi dituen ondorioak azalduko dira. Espezie horrek, paradoxikoki, bere sorterrian bizitzeko zailtasunak ditu, baina Gaztelugatxeko espezieengan eragina izan du, batez ere sugandila harkaitz zozoarengan, Gaztelugatxetik kanpo bota baitu.

Aranzadiko kideek Gaztelugatxen bertan azalpen labur bat emango dute, eta, zortea izanez gero, bertakoak diren baina handik kanpo dauden sugandilak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, Pitiusaseko sugandila kontrolatzeko eta desagerrarazteko dauden zailtasunak azalduko dituzte. Ondoren, harrapatzeko hainbat teknika erabiliz, Pitiusaseko sugandilak harrapatuko dira.

Pertsona orori irekita

Antolatzaileen esanetan, auzolan honetan pertsona guztiek parte hartu ahal dute. Hala ere, kontuan hartu behar da espezie hori adituek soilik harrapatu ahal dutela, eta auzolan hau salbuespen bat dela herritarrei arazo horren berri emateko helburuarekin. Euria egingo balu, auzolana bertan behera geratuko litzateke.

Antolatzaileek parte hartzaileei gomendatu die arropa eta labaintzen ez duten oinetako erosoak, aldatzeko arropa eta ura eramatea. Materiala, garraioa eta derrigorrezko asegurua antolatzeko helburuarekin, ezinbestekoa da izena ematea 943 46 61 42 telefonoan edo idazkaritza@aranzadi.zientziak. org helbide elektronikoan.

Gaztelugatxen fauna exotiko inbaditzailea kontrolatzeko beste auzolan bat egin zen ekainaren 3an Bermeoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, eta, interesa dagoela ikusita, berriro ere auzolana eta hitzaldia antolatzea erabaki dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos