http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gazteek euskaraz jolasteko programa abiatuko dute abenduan Bilbon

Galdeketaun programa jarriko du martxan abenduan Bilboko Udalak

ELCORREO.COM

Galdeketaun programaren laugarren edizioa jarriko du martxan abenduan Bilboko Udalak, Nontzeberri.com kultur atariaren laguntzarekin. Bihartik urtarrilaren 31ra bitartean, 12-17 urteko gazte bilbotarrek Galdeketaun aplikazioa jaitsi ahal izango dute sakelako telefonoetan, haren bidez euskaraz jarduteko eta jolasteko.

Ekimenaren bitartez, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin tarte horretako gazteekin, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten, Bilboko Udaleko eta Nontzeberriko arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez.

Ausazko zenbait galderek osatzen dute lehiaketa. Kultura, kirola, arte, geografia, Bilbo, Bizkaia eta Athleticen inguruko galderak izango dira, besteak beste. Test motako itaunak dira, hau da, galdera eta erantzuna dutenak. Parte hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar du denbora jakin batean.

Zenbat nahi aldiz jolasteko aukera ematen du bi hilabete bi iraungo duen lehiaketak, bihartik urtarrilaren 31ra. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina, horrez gain, bestelako sariak ere zozkatuko dira parte hartzeagatik eta lehen hamarren artean geratzeagatik.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak aurten ere bat egin du ekimenarekin, iaz bezala, eta itsasadarrari, kostaldeari eta hiriko itsas kulturari buruzko galderak proposatu ditu. Euskal Museoa eta Artelan Berreginen Museoa aurten batu dira ekimenera, Bilboko eta Bizkaiko historiarekin, eskulturarekin, pinturarekin, geografiarekin eta kulturarekin lotutako galderak eginez.

Aurten aurreko edizioetako galderak kendu eta ehunka itaun berri eta zail sartu dira, horietako asko aipaturiko hiru museoen ekarpenari esker. «Jolasak denbora-pasa sustatzen du, eta zenbat nahi aldiz jolas daiteke, euskaraz jardunez euskal kultura ikasteko», adierazi dute.

Jolaserako hizkuntza erraz eta arrunta

Jokoa Google Play Store denda birtualetik jaitsi behar da gailu eramangarrira. Lehiatzen hasi aurretik, parte hartzaileek erabiltzaile izena eta bestelako datu batzuk adierazi behar dituzte erregistratzeko. Telefono zenbakia erabiltzailearen izenari lotua izango da, eta, hortaz, ezingo dute jolastu erabiltzaile batek baino gehiagok telefono zenbaki berberarekin.

Joan den urtean, 200 bat jokalari ibili ziren lehian, eta 10.000 aldiz baino gehiago jolastu zuten. «Datu pozgarri horrek adierazten du euskara jolaserako hizkuntza erraz eta arrunta dela gazte bilbotarrentzat, eta era berean, app hau oso erakargarri bilakatu eta dinamikoa dela, euskaraz jolasteaz gain, kultura eskuratzeko aukera ere ematen duelako», azaldu dute.

Lehiaketaren aurtengo erronka 200 jokalari eta 10.000 partida baino gehiago lortzea izango dela jakinarazi dute egitasmoaren arduradunek. Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta aplikazioa deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus webgunean aurki daitezke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos