http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gazte hil

James Dean aktorea./
James Dean aktorea.
ARITZ GORROTXATEGI

Azkar bizi, gazte hil eta hilotz eder bat atzean uztea», esan omen zuen James Dean-ek, eta, denborarekin, ezagun egin da esaldia batez ere rock-and-rollaren munduan. Esaldi horrekin bat egiten duen talde bitxi bat ere badago, 27en Kluba, adin horretan hil zen abeslariez osatua: Janis Joplin, Kurt Cobain, Jimi Hendrix, Amy Winehouse, Brian Jones… Gazte gogoratzen ditugu, gaztetasunean betikotuta, ainguratuta. Musikari eta antzezleez gain, badira, halaber, oso gazte hil ziren zenbait idazle ezagun ere: Keats, P.B. Shelley, Silvia Plath, Emily Brontë, J.K. Toole, Larra, Heinrich von Kleist… Gurean ere baditugu gazte hildako zenbait idazle esanguratsu. Esaterako, Lizardi edo Lauaxeta. Baita Aresti bera ere. Lizardi 37 urterekin hil zen, gaixotasun baten ondorioz. Lauaxeta, berriz, 32 urterekin fusilatu zuten Gasteizen. Orixerekin batera, Euskal Berpizkundearen hiruhortz nagusia osatzen dute, Aitzol ahaztu gabe.

Salbuespen batzuk kenduta, ordura arte gure hizkuntzan egindako literaturak bizkarra ematen zion kanpoan egiten zen literaturari, eta arduratuago geunden kristautasun zein jatortasun kontuekin. Protekzionismo halako batean bizi ginen, eta deigarria ere bada hogeigarren mende hasierara arte izan ditugun hiru liburu klasiko entzutetsuenak zerbaiti kontra egiteko idatzi zirela. Axularrek Erreformaren aurka idatzi zuen 'Gero'; Ilustrazioaren aurkakoa da, aldiz, Mogelen ‘Peru Abarka’; eta Txomin Agirreren 'Garoa', berriz, sozialismoaren kontrakoa. Aitzitik, Lizardik eta Lauaxetak gurera ekarri zituzten garai hartan sona handia zuten zenbait idazle. Aisa suma daitezke Machado, Jiménez edota Lorcaren oihartzunak gazte hildako bi euskal poeta horien lanetan, eta denboraren herdoilari eraginkortasunez aurre egin diote. Haien garaikide, lagun eta taldekide izandako Orixeren kasuan, ordea, badirudi gauzak oso bestela izan direla, haren itzala asko apaldu dela, eta irakurleen gogoan baino gehiago, testu-liburu akademikoetan bizi dela, apenas baitu irakurlerik gaur egun. Euskal nazioaren kontzientzia nazionala, linguistikoa eta kulturala pizteko asmoz idatzi zuen 'Euskaldunak' poema esanguratsua oso iraganeko mundu baten isla iruditzen zaigu gaur egun, etnografiatik hurbilago dagoena, asko aldatu baita gizartea azken hamarkadetan. Egia da Orixe kristau, jeltzale eta hizkuntzalari tradizionalista zela, eta ezaugarri horiek hegemonikoak ziren garai hartan. Erbestetik itzuli zenerako, gerraosteko euskaltzaleen belaunaldi berri bat sortua zen, eta Euskal Herrian Europako aire berriak sartzen eta euskara batuaren inguruan lehen urratsak egiten hasiak ziren. Sakoneko aldaketa horiek zirela eta, Orixe erbestean bezala sentitu zen bere etxean, moldatu ezinean. Eta esan daiteke garesti ordaindu duela hirurogeiko hamarkadaren amaieran jokatu zen euskararen zein euskal kulturaren inguruko auzi erabakigarri hartan ‘galtzaile’ atera izana. Alegia, garesti ordaindu duela «zahar hil izana» edo «luzaro bizi izana». Zer gertatuko zen Lizardik eta Lauaxetak bizirik jarraitu izan balute? Non lerrotuko ziren? Zer bilakaera izango zuten? Haietaz dugun irudi bera izango al genuke gaur egun zahartuta hil izan balira? Batek daki, baina hipotesi interesgarria da, inondik ere.

Arestiri buruz beste hainbeste aipa daiteke. Gazte eta ‘gorrotatua’ hil zen, bakarrik eta ahaztuta. Urteak aurrera joan ahala, ordea, deigarria da nola orduan argi eta garbi disidente zen hura, euskaldun izateko modu ezberdin bat ekarri zigun hura, euskal kulturaren erdigune bihurtu den. Eta Lizardiren eta Lauaxetaren kasuan bezala, saihetsezina dirudi galdera bera egitea: erdigune izatera iritsiko al zen gazte hil izan ez balitz? Zer aldetara joko zuen Arestik? Kultura munduko haren lagunak ezagututa, eta zer ibilbide egin duten ikusita, egin liteke kabalaren bat. Zer gertatuko zen, adibidez, alderdi jakin bateko militante egin izan balitz? Txalotuko al zuten orain txalotzen duten guztiek? Norena izango zen, orduan, haren aitaren etxea? Eta «egia bat esateagatik» hain gazte «inoiz, inola, inon isildu ez balitz»?

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos