http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gaurtik aurrera eman ahalko da izena Zeledonen jaitsieran San Migeleko balkoira sartzeko paseen zozketarako

Zeledon San Migeleko balkoitiik deitzen du jaia. / E. C.

SERGIO EGUÍA

Gaurtik aurrera eman ahalko da izena Zeledonen jaitsieran San Migeleko balkoira sartzeko paseen zozketarako. Hirugarren urtez jarraian antolatuko du Udalak zozketa, balkoia —agintari eta kargu publikoentzat erreserbatuta egon ohi zena— jaien benetako protagonistei irekitzearren, Gorka Urtaranek agintaldiaren hasieran hitz eman zuen bezala. Norbanakoentzako paseez gain, Udalak gonbit-txartelak bidaltzen dizkie hiriko taldeei eta auzo elkarteei, bai eta gizarte eta kultura eragileei ere.

Izena emateko epea uztailaren 7tik 18ra artekoa izango da, biak barne. Gonbidapena eskuratu ahal izateko, galdetegi bat bete beharko da, eta izen-deiturak eta NAN zenbakia eman. Pertsona bakoitzak bi gonbit-txartel jaso ahalko ditu.

Zozketan parte hartu ahal izateko adinduna izan behar da, eta herritarren udal txartela eduki (HUT). NAN bakoitzeko izen-emate bakarra egin ahalko da. Web bidez edo 010 nahiz 945161100 telefonoen bidez eman daiteke izena.

Gonbit-txartelak uztailaren 21ean zozketatuko dira, San Martineko udal bulegoetako entzunaretoan, zenbakiak ausaz aukeratzea ahalbidetzen duen tresna informatiko baten bidez. Egun berean, 13:30etik aurrera, jakinaraziko da 50 irabazleen eta 10 ordezkoen NAN zenbakia, www.vitoria-gasteiz.org/lablanca, web-orrian argitaratutako albiste baten bidez; 010 nahiz 945161100 telefonoetara ere dei egin ahalko da kontsultatzeko. Sarrerak besterenezinak dira.

Irabazi duten pertsonek uztailaren 28an eta 31n jaso ahalko dituzte txartelak, Plaza Berriko Turismo Bulegoan, 10:00etatik 20:00etara; NANa aurkeztu beharko dute.

Fotos

Vídeos