http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Zulueta jauregia mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentro bihurtzeko lehiaketa abian da

Higiezina 15 urtez emakidan uztea pentsatu da, hiru jarduera ildo nagusi garatzeko: zabalkundea, sustapena eta prestakuntza

ELCORREO.COM

Gasteizko Udal Gobernuak Zulueta jauregian mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentroa ezartzeko lehiaketa onartu du. Asmoa da Gasteiz Arabako Errioxako «sarrerako atea» bihurtzea, «Gasteiz hiriaren eta Arabako Errioxa eskualdearen artean sinergiak sortzeko, biek ere eskaintzeko asko baitute», Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez. Lehiaketaren iragarkia argitaratu ondoren, proposamenak aurkezteko 45 eguneko epea emango da.

Horrela, Zulueta jauregia enogastronomiaren sustapenerako eta zabalkunderako zentroa bihurtu nahi da, Arabako Errioxako ardoak eta Arabako txakolina ardatz nagusiak izanik. Higiezina 15 urtez emakidan uztea pentsatu da, hiru jarduera ildo nagusi garatzeko: zabalkundea, sustapena eta prestakuntza.

Aurkezten diren proposamenak balioesteko irizpideen artean punturik gehien jardueren proposamenaren kalitateak izango du, 110 puntutik 60 puntu emango baitira. Zabalkundea erakusketa eta ikus-entzunezkoen espazio baten bidez egingo da, doan, eta Arabako ardoak sustatzeko hainbat ekintza egin ahalko dira: dastatzeak, topaketa tematikoak, foroak eta era guztietako ekitaldi paraleloak. Prestakuntza ekintzen artean, ikastaroak, jardunaldiak, lantegiak eta adin guztietarako proposamen didaktikoak aurreikusi dira.

Jauregiaren emakida lortzen duen proposamenak jardueren programa bat aurkeztu beharko du urtero, hartzaileak, erlazionatutako ekitaldiak eta aurreikusitako sustapen eta zabalkunde kanpainak zehaztuta. Ondoren, hori guztia Gasteizko Udalak onartu beharko du.

Lehiaketan balioetsiko den beste alderdi bat eskainitako kanona izango da, 50 punturekin gehienez. Urtean gutxienez 34.532 euroko kanona ezartzen da (hilean 2.877 euro), gorantz hobe daitekeena. Mahastizaintzaren eta ardogintzaren zentroa ustiatzeko lehen urtea bete ondoren, kanona KPIren arabera eguneratuko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos