http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Udalaren komunikatua, bi neska adingaberen kontrako sexu-abusuak direla eta

SERGIO EGUÍA

Asteburu honetan gure udalerrian salatu diren bi neska adingaberen kontrako sexu-abusuen aurrean, Gasteizko Udaletik gure gaitzespenik sendoena agertu nahi dugu, baita biktimei eta gertukoei sostengua eta hurbiltasuna helarazi ere, eta behar dituzten baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak nahiz babes- eta harrera-baliabideak eskaini, eta beren interesei eragiten dien informazio guztia dutela bermatu.

Zentzu horretan, kasu horien berri izan duen unetik bertatik, eta ahalik eta ikuspegirik osoen eta ziurrena edukitzeko aukera emango zigun informazio kontrastatu ondoren, Indarkeria Matxistaren aurrean Jarduteko eta Erantzun Publikoa emateko Protokoloa aktibatu du Gasteizko Udalak, eta premiazko bilera baterako deialdia egin du, informazio guztia bildu, erantzun instituzionala koordinatu eta biktimei eta horien ingurukoei laguntza emateko.

Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria eta berebiziko arazo soziala dela azpimarratu nahi dugu, jasaten duten eta aurre egin behar dioten emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren kontra doana. Indarkeria hori ez da ekintza isolatu bat, edo ekintza isolatu batzuk; gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu eta mezu normalizatu eta sinbolikoek osatzen duten sare bat da, zeinen azken helburua baita emakumeak gizonen mende mantentzea, eta indarrean den sistema heteropatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorputzik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea.

Zentzu horretan, Gasteizko Udalak, emakumeek eta LGTBI pertsonek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: udal erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei eta LGTBI pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

Horregatik, biktimen familiei egingo diren jarduketen berri eman ondoren, Udalak:

Jakinarazten du erakundearen ordezkariek abusuen gaitzespena agertuko dutela, abuztuaren 30ean, 12:00etan, Plaza Berrian, “Vitoria-Gasteiz eraso matxisten aurka” lemarekin.

Mugimendu feministak egin ditzakeen gaitzespen-ekintzekin bat egitera gonbidatzen ditu Udalak herritarrak, baita Udalari bere sostengua beharko luketen bestelako gaitzespen-ekimenen berri ematera ere.

Fotos

Vídeos