http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Udalak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko lehen udal laguntza-deialdia aurkeztu du

Gasteizko Udalak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko lehen udal laguntza-deialdia aurkeztu du

Orotara 100.000 euroko aurrekontua esleitu zaie diru-laguntzei, zinema eta telebista proiektuak garatzeko, film luzeak edo laburrak ekoizteko, eta film luzeen gidoiak idazteko

I.AGOTE

Tokiko ikus-entzunezko proiektuek Gasteizko Udalaren laguntza ekonomikoa izan ahalko dute, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Ahal Duguko zinegotzi Juan Cerezuelak gaur aurkeztu duten berariazko laguntza-ildoari esker. Orotara 100.000 euroko aurrekontua esleitu zaie diru-laguntzei, zinema eta telebista proiektuak garatzeko, film luzeak edo laburrak ekoizteko, eta film luzeen gidoiak idazteko.

Gasteizen sorkuntza eta kultura industriak garatu daitezen Udala sustatzen ari den ekimen-multzoaren barruan sartu du Nerea Melgosak laguntza-deialdi hau. “Ikus-entzunezkoen sektorea, baita irudiarekin eta diseinuarekin lotutako ekosistema lokala ere, ekintzaileei aukerak emateko eta enplegua zein aberastasuna sortzeko nitxoa da. Enpresen sare bat eta profesional handiak ditugu, zeinei Udalak lagundu egiten baitie, esate baterako, Film Office biziberrituta, eta horri esker filmaketa berriak egiten ari dira hirian, eta koordinazio handiagoa lortu da sektoreko agente guztien artean. Orain, abian jarri dugun laguntza-deialdiarekin, eremu horretako talentuari atxikitzea eta berria sortzea espero dugu”, abiarazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziak.

Ahal Duguko zinegotzi Juan Cerezuelak, berriz, bere udal taldeak aurtengo aurrekontu-akordioari erantsi zion aurrekontu-partida aktibatu izana txalotu du, sektoreko pertsona eta agente guztien inplikazioarekin etorkizuna eraikitzen hasteko oinarria baita. “Gure hiritik eta gure probintziatik mundu guztiak ezagutzen dituen izen handiak atera dira, eta sektorean oso ezagunak diren profesionalak, sari ospetsuak jaso dituztenak, baina hemen jaio izanak dakartzan mugak sufritzen dituen harrobi gazte eta talentuduna ere bada. Ez dugu nahi jendeak kanpora joan behar izatea bere gidoiak, dokumentalak edo filmak egiteko, beti gertatu den bezala. Azkenean martxan jarri den eta aurrekaririk ez duen laguntza honek aipatutako dinamikari buelta ematea espero dugu. Jendeak hemen gelditu eta bere karrera bertan garatu ahal izateko ahalegina egin behar du Udalak”, amaitu du zinegotziak; haren ustez, datozen urteetan ere laguntza-deialdiari eustea da helburua, hirian eta lurraldean ikus-entzunezkoen sare propioa sendotu dadin, lana eta aberastasuna sortu eta Gasteiz eta Araba berezko nortasunaz mapan jartzeko.

Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntzak

Tokiko Gobernu Batzarrak urriaren 30ean onetsi zituen laguntzak; aurrekontu osoaren laurden bat, 25.000 euro, zinema eta telebista proiektuak garatzeko erabiltzea aurreikusi da. Horren bidez, diruz lagunduko dira ikus-entzunezko ekoizpenaren aurretiazko prestakuntza eta diseinu lanak: castinga, ikerketa, storyboarda lantzea, eta kokalekuak bilatzea. Aurkezten diren eskabideak balioestean, ekoizpen-proiektuaz eta gidoiaren kalitateaz gain, beste alderdi batzuk hartuko dira kontuan, hala nola emakumeen partaidetza edo euskara erabiltzea.

Zinema proiektuei dagokionez, fikzioa, sorkuntza-dokumentalak edo animazioa lantzen duten proiektuak aurkeztu ahalko dira, gutxienez 60 minutu irauten dutenak. Telebistako proiektuei dagokienez, fikzioa, animazioa eta dokumentala ere sartzen dira generoen artean, baina gutxieneko iraupena laburragoa da.

Film luzeak ekoizteko laguntzak

Udal laguntza-deialdi berriaren kopuru osotik, 40.000 euro zinema-aretoetan merkataritza-ustiapena egiteko asmoz egindako film luzeak ekoizten laguntzeko erabiliko dira. Fikziozkoak, animaziozkoak edo sorkuntza-dokumentalak izan ahalko dira, eta azken horiek telebistan ematekoak izan litezke.

Alderdi hauek hartuko dira kontuan eskabideak balioestean, besteak beste: proiektuaren finantzaketa, inplikatutako giza baliabideak, Gasteizen filmatzea, eta gidoiaren kalitatea eta bideragarritasuna. Gehienez 20.000 euroko laguntza emango da, eta laguntza jasotzen duten ekoizpenek 2018ko azaroaren 30erako egon beharko dute amaituta.

Film laburrak ekoizteko laguntzak

Era berean, 25.000 euro aurreikusi dira film laburrak egiten laguntzeko; 60 minututik beherakoak izatea gomendatzen da. Kasu honetan ere, eskabideak balioesterakoan aparteko puntuak emango dira emakumeen partaidetzagatik eta euskara erabiltzeagatik. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen azken balioespenean, alderdi hauek hartuko dira bereziki kontuan: gidoiaren kalitatea, proiektuaren finantzaketa maila, eta interes orokorra. Film laburra Gasteizen kokatuta egotea eta taldeko profesionalek hirian lan egitea ere balioetsiko dira.

Film luzeetarako gidoiak idazteko laguntzak

Azkenik, film luzeen gidoiak idazten laguntzeko atal berezia dago, 10.000 euroko aurrekontuarekin. Kopuru horren bitartez, fikzio- nahiz animazio-gidoi zinematografikoak sortzen lagunduko da, edozein formatutan egiten direlarik ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan. Aurkeztutako proiektuaren tratamenduaren originaltasuna eta kalitatea hartuko dira bereziki kontuan eskabideak balioesterakoan.

Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntzetarako —kategoria orotan— eskabideak aurkezteko epea deialdiaren oinarriak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialan argitaratzearekin batera hasiko da, eta 20 egun naturalekoa izango da.

Fotos

Vídeos