http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Udalak auzoetan horma irudiak egiteko proiektuak aurkezteko epea ireki du

Auzoetako hiri paisaia edertzea eta gizatiartzea, turismoa erakartzea, kultura ondarea sortzea eta herritarren partaidetza prozesua abiatzea dira ekimenaren helburuak

ELCORREO.COM

Gasteizko Udaleko Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak 2017an eta 2018an hiriko auzoetan horma irudiak margotzeko proiektuak aurkezteko epea ireki du. Lehiaketa publikoak 90.000 euroko aurrekontua du, Isabel Martinez arloko zinegotziak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Auzoetako hiri paisaia edertzea eta gizatiartzea, turismoa erakartzea, kultura ondarea sortzea eta herritarren partaidetza prozesua abiatzea dira ekimenaren helburuak. Herritarren parte hartzeari dagokionez, «haiek arduratuko dira fatxadak aukeratzeaz eta horma irudiak diseinatu eta margotzeaz», Martinezek azaldu duenez.

Hain zuzen, inguru hauetan egingo dira horma irudiak: Aldabe-Pilar-Iparralde ingurua (Erdi Aroko hirigunea, Koroatzea, Zabalgunea, Lovaina, Gazalbide, Txagorritxu, San Martin, Pilar, Aranbizkarra, Zaramaga); Ibaiondo-Lakua-Zabalgana (Ibaiondo, Lakuabizkarra, Abetxuku, Ehari-Gobeu, Sansomendi, Lakua 05, Lakua-Arriaga, Zabalgana); Judimendi-Hegoalde-Salburua ingurua (Santiago, Arana, Arantzabela, Anglo, Judimendi, Santa Luzia, Babesgabeak, Adurtza, Errekaleor, San Kristobal, Aretxabaleta, Mendizorrotza, Ariznabarra, Salburua).

Interesa duten enpresek alderdi bat, bi edo hirutarako proiektuak aurkeztu ahalko dituzte, 30.000 euroko muga gainditu gabe. Proposamenak aurkezteko epea abuztuaren 14an amaituko da, 13:00etan. Eskaerak Gasteizko Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira, San Martineko bulegoetan.

Fotos

Vídeos