http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko 125 negozio eta ikastetxek izango dute atez ateko hondakin organikoen bilketa

15 ikastetxeri eman zaie zerbitzua urtebetez, eta 7.600 ontzi jaso dira denbora horretan

I.AGOTE

Datorren astelehenetik —hilak 15— aurrera, frakzio organikoa biltzeko zerbitzu berri bat eskainiko die Gasteizko Udalak 125 ‘ekoizle handiri’, hots, hiri osoko hainbat ostalaritza-negoziori, supermerkaturi, azpiegiturari eta ikastetxeri. “Udalak egunero hustuko ditu establezimendu horiei aldez aurretik eman zaizkien edukiontzi marroiak. Udalaren ahalegin horri esker, hondakin organikoen bilketaren tasa areagotu ahal izango dugula uste dugu, eta hondakin organiko horiek baliabide aprobetxagarri bihurtu. Ekoizle handi horiei erraztasunak ematea da kontua”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak, gaur goizean. Supermerkatu, taberna, fruta-denda, jatetxe, loradenda, kirol-klub eta eskualde-zentroetan eta Harrera Sozialerako Udal Zentroan nahiz Egibideko eta Gamarrako ostalaritza-eskoletan egingo da bilketa.

Erabiltzaileen ardurapean egongo dira edukiontziak, eta berek zaindu eta garbitu beharko dituzte, baita bilketa-ibilgailua bertaratu aurretik atera eta hustu ondoren berriro instalazioetara sartu ere. Udalak emandako ontzi horietan janari-, fruta- eta barazki-hondakinak bota ahal izango dira, baita xurgatzeko papera ere. Ez dira onartuko, aldiz, paperezko mantelak, plastikozko ontziak edo lorezaintza-hondarrak.

European Green Capital gisa, urte askoan bultzatu dituen politika berdeengatik nabarmendu izan da Gasteiz, eta puntako hiritzat jotzen dute ingurumenaren arloan, nazioartean. Baita birziklatzearen arloan ere. “85.955 tona hondakin sortzen ditugu hirian, 0,98 kilo biztanleko, egunean. Eta gaur egun birziklatze-indize onak ditugu, % 26,5 inguru. Herritarren kontzientziazioari eta konpromisoari esker iritsi gara honaino, baina hobetzeko tarte handia dugu oraindik ere. Europak markatzen dizkigun helburuak lortzeko, klima-aldaketaren kontrako gure estrategian aurrera egiteko eta etorkizun iraunkorragoa lortzeko lanean jarraitu beharra daukagu, hondakinak behar bezala bereiz daitezen, edo edukiontzietara ez daitezen bota egoki ez diren hondakinak… Ildo horretatik doa ekimen hau ere”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Hondakin biodegradagarrien gaikako bilketak aukera ematen du baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, eta mesede egiten die zabortegiei. Hondakin organikoak baliaturik konposta egiten da, eta lurraren ongarri gisa balio du horrek, nekazaritzan edo lorezaintzan, esaterako. Gainera, hondakin horiek zabortegira eramatea saihesten da horrela —eta hura luzaroago erabiltzeko aukera ematen du horrek—, berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzen dira eta berotze globalaren kontrako borrokan laguntzen.

Ontzi arinak

Sistema berri horrez gain, ontzi arinen atez ateko bilketa negozio berrietara zabaltzeko ere lanean dihardu Udalak. Dagoeneko Gasteizko 15 ikastetxeri eskaintzen zaie zerbitzu hori. Bikoitza da helburua horietan: batetik, hondakin horiek behar bezala kudeatzea lortu nahi da, birziklatze-lantegira bidaltzeko, eta bestetik, berriz, ikasle-jendeak bizitza- eta kontsumo-ohitura iraunkorragoak beregana ditzala.

15 ikastetxeri eman zaie zerbitzua urtebetez, eta 7.600 ontzi jaso dira denbora horretan. Lortutako emaitza onen ondoren, zerbitzua ekoizle handietara zabaltzeko lan egiten ari da orain Udala, hala hola hotel, egoitza, jantoki eta bestetara. Ildo horretatik, sistemari atxikiko zaizkion negozioen bila dihardu hilabete hauetan Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos