http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren aurrekontua % 15 handitu da, aurreko ekitaldiko igoerari jarraituz

SERGIO EGUÍA

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu duen aurrekontuak % 15eko hazkundea dakar iazkoaren aldean, eta hark zuzentzen dituen hiru zerbitzuetan aurreko ekitaldiko goranzko joerari eusten dio. Zehazki, Kultura Zerbitzuaren aurrekontua milioi bat handitu da bigarren urtez jarraian, ikasturte honetan Plan Estrategikoa garatuko baita. Hezkuntzaren arloan ia milioi bat handituko da, eta EHUrekiko hitzarmenak zein hiri hezitzailearen mapa nabarmentzen dira. Kirolei dagokienez, aurrekontua 1,3 milioi handitu da, besteak beste, kirol instalazio eta materialei aurre egiteko eta langileei hitzarmen duinak aplikatzea bermatzeko.

“Baieztatu dezaket aurrekontua aurreko ekitaldietakoa baino hobea dela objektiboki, hezkuntza komunitatearekin, kirol federazioekin eta kultur eragileekin lan egin baitugu”, adierazi du Cantok, eta erantsi du: “iaz ahalegin berezia egin genuen Kultura Zerbitzua haz zedin, aurretik murrizketa handiak izan baitzituen, eta aurten, gure apustuari esker, % 15 handitu dugu aurrekontu osoa, gobernuan sartu ginenean ezarritako helburuak lortu ahal izateko”.

Kultura

Kultura Zerbitzuan programazioarekin eta kultura sarea indartzen duten hirugarrenekiko lankidetzekin lotutako partidak igo dira orokorrean. “Gobernuan sartu nintzenean esan nuen kulturak ez zuela murrizketarik jasango, kultura sektorearen alde lan egingo genuela eta kultur eragileei entzungo geniela; bada, aurrekontu hau da hiru gauza horien froga”, esan du Kultura Zerbitzuaren arduradunak.

2013an 4,5 milioiko zorua izan zuen Kultura Zerbitzuak. 2017an, ia 6 milioi eurotik 7 milioira igo zen, eta 2018rako aurkeztutako aurrekontua 8.069.786 euro da.

Kulturarekin lotutako diru-laguntzetarako partida handitu egin da aurten ere. Arabako Liburuzainen Elkartearekiko hitzarmenaren partida 25.000 euro handitu da. Plan Estrategikoari 75.000 euroko partida esleitu zaio, eta horrekin lotura zuzena duten partidetan igoera orokorra izan da. 60.000 euroko partida bat sortu da Principal antzokiaren mendeurrena ospatzeko.

Hezkuntza

Plan Estrategikoa betetzea helburu duen aurrekontua taxutu da, ia urtebete baitarama indarrean. Aurrekontua 2.100.000 eurotik ia 3.000.000 eurora igaro da, eta 800.000 euro hazi da.

Bi partida nabarmentzen dira. Batetik, iaz sortutako udako ikastaro bat antolatzeko EHUrekin sinatu zen hitzarmena 4.000 eurotik 36.000 eurora igo da; horrek unibertsitateko institutuekin lankidetzan aritzea ahalbidetuko du, Antzinaroko Zientzien Institutuarekin, besteak beste, eta udako zenbait ikastarotan laguntzea.

Bestetik, 90.000 euroko partida sortu da Saila duela bi urte lantzen hasitako beste proiektu bat probatzeko: hiri hezitzailearen mapa. Hezkuntzarako laguntzak ere handitu dira.

Bereziki, haur eskoletan eskolaratzeko partida igo da. Gure eskumeneko instalazioak berritzen ari gara: iaz igogailua jarri zen Zaramagako haur eskolan, zeina laster hasiko baita martxan, eta aurten 150.000 euro aurreikusi dira Haurtzaron ere igogailua jartzeko.

Kirola

Kirol Zerbitzuan urteak konpondu gabe zeramatzaten bi arazori egingo zaie aurre. Bata instalazioen mantentzea da, eta bestea, azpikontratatutako langileen egoera. Hori dela eta, aurrekontua 6,8 milioitik 8,1 milioira igaro da, hau da, 1,3 milioi gehiago.

Cantok azaldu duenez, “egoeretako asko ez ziren normalak, soldatak onartezinak baitziren gobernu progresista batentzat; beraz, aurrekontu hauekin bermatuko dugu indarrean dauden hitzarmenak aplikatzea, hitz eman genuen bezala”.

Azkenik, Musika Bandaren, Udal Folklore Akademiaren eta bereziki Luis Aranburu udal musika eskolaren partiden igoera nabarmendu behar da. Iaz 790.000 eurotik 970.000 eurora igo zen, eta aurten ere igo da, milioi bat eurotik gorakoa izateraino.

“Esan dezakegu aurrekontuaren xedea dela 2016an martxan jarritako aldaketak sendotzea, 2017an horiek lantzen jarraitu baitugu, eta 2018an nola lan egin nahi dugun erakusten baitute”, amaitu du zinegotziak.

Fotos

Vídeos