http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Gizarte-etxeetako jarduera-programako lekuen zozketarako izena emateko azken egunak

SERGIO EGUÍA

Irailaren 4an bukatuko da gizarte-etxeetako 2017-2018 denboraldiko jarduera-programako lekuen zozketarako izena emateko epea. Asteartean, hilak 5, egingo da zozketa.

Eskabideak modu hauetan aurkez daitezke: internetez, Udalaren webgunean; telefonoz, 010 telefono-zenbakian, edo zuzenean, Udalaren kirol-instalazioetan, gizarte-etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

35.883 leku eskainiko ditu gizarte-etxeetako jarduera-programak lehen hiruhilekoan, 369 modalitatetan. % 12ko igoera izan da eskaini diren lekuen kopuruan, aurreko urtekoaren aldean. Nabarmentzekoa da Zabalganeko gizarte-etxe berria sartu dela eskaintzan lehenengo aldiz.

Iaz bezala, udal-instalazioetako abonatuek % 40ko deskontua izango dute gizarte-etxeetako jarduera guztietan. Orobat izango dute % 15eko deskontua langabezian daudenek, ordenantza fiskaletan jasotzen denaren ildotik..

Bestalde, Gasteiz hiri hezitzailea bihurtzeko ahaleginean, Gasteizko Udalak 225 hezkuntza jarduera eta programa eskainiko dizkie herritarrei, aurrekoa edizioan baino zortzi gehiago; irailaren 6an hasiko da izena emateko epea.

Izan ere, Gasteiz RECE-Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko eta AICE-Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko kide da. Horren bidez, eta Hezkuntza Zerbitzuak koordinatzen duen “Gasteiz, hiri hezitzailea” programaren bidez, Udalak Gasteizko biztanle guztien prestakuntza, promozio eta garapenarekin duen konpromisoa indartzen du, eremu formalean ez ezik, baita ez formalean nahiz informalean ere.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok esan duenez, hori da “geletan gertatzen denera mugatzen ez den hezkuntza, bizitza osoan garatzen dena, Gasteizko biztanle orok garapen pertsonal, sozial eta profesionalerako ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzan, eta konpromiso hori dela medio antolatzen dute programa hau udaleko sail eta zerbitzu ezberdinek”.

2017-2018 ikasturteko programak 225 hezkuntza jarduera eta programa eskaintzen ditu, hau da, aurrekoan baino 8 jarduera gehiago. Nabarmentzekoa da, halaber, eskaintzen diren 225 hezkuntza jarduera horietatik 25 berriak direla.

Jardueren bitartez hainbat talderen premiak bete nahi dira, bereziki hezkuntza etapa ezberdinetako ikasle-irakasleenak (Haur Hezkuntza, Derrigorrezko Lehen eta Bigarren hezkuntzak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondokoa eta Helduen Hezkuntza); beste talde batzuek ere hartu ahal dute zenbait jardueratan (guraso elkarteak, gurasoen eskolak, elkarteak, euskaltegietako ikasleak, okupazio-zentroak, herri kulturako zentroak…), baita banakoek ere.

Proposatzen diren jarduera eta programek 1990eko Hiri Hezitzaileen Gutunean definitutako balioak sustatzea dute xede; Gasteizko Udalak hori idazten lagundu zuen. Herritarrek, eta bereziki eskolak, Udalaren sail eta zerbitzuek sustatutako hezkuntza esku-hartzeen atzean dauden balioak bereganatu eta horien arabera joka dezaten lortu nahi da. Esate baterako, bizi-kalitatea, gizalegezko jokamoldea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, genero-berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, parte-hartzea, erantzukizuna, elkartasuna eta iraunkortasuna.

Fotos

Vídeos