http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko gizarte zerbitzuek 15.986 familia hartu zituzten iaz; hiriko familien % 13,5, alegia

SERGIO EGUÍA

Gizarte Politiken Sailak 15.986 familia artatu zituen 2016an, eta familia horietatik % 91 hirian bizi ziren; gainerakoak pasadizokoak ziren. Datu horietatik ondorioztatzen denez, Gasteizen bizi diren familien % 13,5 artatu zituzten udal gizarte zerbitzuek uneren batean. Kopuru hori 2015ekoaren oso antzekoa da, familien % 13,6koa izan baitzen orduan.

Aurten Gizarte Politiken Plan Estrategikoa (2016-2020) landu, eta udal baliabideak gizarte-zerbitzuen eskumen- eta arau-esparrura egokitzeari ekin zaio, eta 56.759.572 € euroko aurrekontua gauzatu da arlo honetan. Udalaren aurrekontuaren % 16 baino gehixeago jotzen du horrek, eta barne hartzen du Osasun Publikoaren Zerbitzua, 2016an atxiki baitzitzaion Gizarte Politiken Sailari.

Iazko ekitaldian arazo ekonomikoak izan ziren nagusi. Izan ere, gizarte zerbitzuetan artatutako etxeen % 52,2k arazo hori pairatzen zuten. “Hala ere, kontuan izan behar da apur bat gutxitu direla laneratzeko zailtasunak, eta arazo ekonomikoengatik hartutakoetako zenbaitzuk bestelako arazoak era bazituztela, gizarteratzearekin lotutakoak, esaterako” adierazi du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Bereziki adinekoei eragiten dieten arazoak aregatotu egin direla antzeman da, esaterako bakardadea, eguneroko jarduerak burutzeko zailtasun instrumentalak, aitortutako mendekotasun-egoerak. Hori dela eta, nabarmendu egin behar dira adinekoak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programan emandako laguntza, jantokien zerbitzuaren hobekuntza, adinekoek pairatzen duten bakardadea prebenitu eta antzemateko kanpaina, eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako jarduerak.

Erreferentziako pertsona 85 urtekoa edo hortik gorakoa duten etxebizitzen kopurua igo egin da, baita artatutako adingabekoen kopurua ere. Orobat, arazo berriak antzeman dira, esaterako gurasoen aurkako indarkeria. “Ildo horretatik, komeni da gurasoen aurkako indarkeria prebenitzeko abiatutako programa pilotua aipatzea, zein guraso eta seme-alaben arteko harremanak hobetzen eta arazoa bideratzen laguntzeko baita” azaldu du López de Munainek.

Norbanakoen eta familien arretaz gain, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak lan handia egin du esku-hartze komunitarioan, askotariko jarduerak programatuta: gizarte-informazio eta gizarte-sentsibilizazioa, gizarte gaitasunak, hazkuntza pertsonal, komunitatean parte hartzea eta elkartasuna. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako programazio komunitarioan 273 jarduera antolatu ziren. 1.840 erabilera izan ziren, gehienak, % 77,6, emakumeenak izan zirelarik.

Datu horiek eta beste zenbait jaso dira Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak argitaratu berri duen 2016ko oroitidazkian. Orobat ageri dira baliabide eta programei buruzko informazio garrantzitsuena, kudeaketa-datuen eboluzioa, beharren eskaria eta Udalak horiei guztiei emandako erantzuna.

Fotos

Vídeos