http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Gizarte Politiken Sailaren aurrekontua 40,8 milioi euroraino handituko da

SERGIO EGUÍA

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek bere sailaren aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur, zeina 40,8 milioi eurokoa izango baita 2018an, hau da, aurtengo ekitaldian baino 3,7 milioi euro gehiago.

Aurrekontu berriak % 10eko hazkundea izango du 2017koaren aldean, eta % 51koa agintaldia hasi zenetik; “horrek adierazten du zenbateko ahalegina egiten ari garen pertsonak ardatz dituzten programa eta zerbitzuetan. Horregatik dira azken urteetako aurrekontu sozialenak”.

Gizarte Politiken aurrekontuak adinekoak beren etxeetan ahalik eta luzaroen bizi daitezen bideratutako jarduerak indartzen ditu, hartara gizarte ingurunea, lagunak eta sostengu gertukoena gordetzerik izan dezaten. Horrekin lotuta, 210.030 euro jarri dira Berpizkundearen plazako udal areto batean eguneko arretarako zentro bat martxan jartzeko. Orobat, 11,7 milioi euro esleitu zaizkio Etxean Laguntzeko Zerbitzuari, aurten baino 1,2 milioi euro gehiago.

Adinekoentzako arretarekin lotuta, halaber, 116.000 euro baino zertxobait gehiago handitu da Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko eguneko arretako zerbitzuaren partida, “1. graduko mendekotasuna duten adinekoei arreta eman ahal izateko, Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren arabera guri baitagokigu. Olarizuko zainpeko apartamentuak ere egokituko ditugu, 142.390 euro baliatuz”, azaldu du López de Munainek.

Aurrekontu berrian 185.015 euro gehiago jarri dira elikagaiak erosteko. Horrenbestez, partidak 1.785.000 euro izango du; bi arrazoirengatik handitu da partida: aurten adinekoentzako jantoki berriak ireki direlako, eta etxerako otorduen kopurua handitu delako.

Elkarteak, haurrak eta familiak

2018ko aurrekontuak Gasteizko elkarte soziosanitarioekiko konpromisoari eusten dio, “haiekin hogeita hamar hitzarmen eta gehiago sinatuta baititugu, orotara 500.000 eurotik gora egiten dutenak. Hitzarmenen bidez ematen ditugun programa eta zerbitzuak mantentzeko konpromiso argia ere badugu, 3 milioi eurotik gora egiten duten beste hogeita hamar hitzarmen, hain zuzen”, gogorarazi du Peio López de Munainek.

Horretaz gain, aurrekontu berrian ia 600.000 euro gehiago jarri dira gizarte larrialdiko laguntzetarako (4.237.755 €) eta milioi bat euro gehiago udal laguntzetarako (3.899.025 €).

Haur eta familiei dagokienez, 252.350 € gorde dira haurren babesgabezia egoeretan esku hartzeko programa baterako, zeinak familiei laguntzeko balioko baitu, eta 87.933 € gurasoen aurkako indarkeriarekin lotutako programa garatzeko, zeina aurten esperientzia pilotu gisa sortu baita.

Osasun publikoa

Azkenik, osasun publikoaren arloan 2017an baino ia 40.000 € gehiago bideratuko dira osasuna sustatzeko zerbitzuetara (123.000 €) eta drogamendekotasunen arloko prebentzio (110.000 €) eta gizarteratze (98.447 €) programetara.

Gainera, datorren urtean usoen populazioa kontrolatzeko bide alternatiboak aztertuko dira, animaliak babesteko elkargunean egindako proposamenei jarraituz; zehazki, 30.000 € aurreikusi dira usategi esperientzia bati ekiteko.

Bestetik, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak plan estrategikoa garatzen jarraituko du. Horrekin lotuta, eskaleei buruzko sentsibilizazio kanpaina egingo du, baita gizarte zerbitzuen erabiltzaileen asebetetasun azterketa ere, eta zerbitzu horien irudia indartzeko ekimenak bultzatuko ditu. Jarduera horiek eta beste batzuk aurrera ateratzeko 60.000 € jarriko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos