http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko ehun eraikin baino gehiagotan dauden xafla frankistak kentzeko programa abian da

SERGIO EGUÍA

Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, Udalak dagoeneko abiatu du Gasteizen oraindik sinbolo horiek dituzten 149 eraikinetako xafla frankistak kentzeko programa. Datorren astean, Udalak gutunak bidaliko dizkie eragindako komunitateei xaflak doan kentzea eskaintzeko, udal aurrekontuaren kontura, hala eskatuz gero; enplegu-programa baten bidez egingo da lana.

2017ko urtarrilean, Gasteizko Udalak Memoria Historikoari buruzko mozio bat onetsi zuen, hirian dauden sinbolo frankistetan esku hartzeko, abenduaren 26ko Memoria Historikoaren Legearen 15. artikuluan gomendatutakoari jarraituz.

Eusko Jaurlaritzak 2011n landutako 'Gerra zibila eta diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoan' jasotzen da sinbologia frankista duten etxebizitza-eraikinen errolda.

Errolda hartan 300 eraikin agertzen ziren, baina Udalak banan-banan egiaztatu eta dokumentatu ditu horiek, gizarteratzeko kontratu baten bitartez, eta egiaztatu da 300 atari horietako 168k beren kabuz kenduak zituztela xaflak eta 3 helbide dagoeneko ez direla esistitzen; bestetik, hasierako katalogoan ez zeuden 20 eraikin aurkitu dira. Beraz, Udalak orain duen erregistroaren arabera 149 atarik jarraitzen dute horrelako sinboloak edukitzen eta haiengana joko du zuzenean. Nolanahi ere, Bizikidetza Zerbitzuak inbentarioan agertzen ez diren jabe erkidegoen eskaerei ere erantzungo die, baldin eta fatxadatik xafla kendu nahi badute.

Informazioa jaso ondoren, jabeen batzarrari dagokio xafla kendu nahi duten erabakitzea. Eskatuz gero, Udalak dagoeneko bidal ditzake enplegu-planeko langileak eskatutakoa betetzera.

Interesa duten erkidegoak Bizikidetza Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan, bizikidetza@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoa edo 945161209 telefonoa baliatuz.

Xafla frankistak kentzeko programa Udalak Memoria Historikoa berreskuratzeko 2018an egingo duen jardueretako bat da, “Gasteizen frankismoaren biktimekin justizia egitearren, haien oroitzapena bermatuz, duintasuna itzuliz eta justizia eginez”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak .

Memoria Historikoaren plana

Horri buruzko alkate dekretuan, besteak beste, ekintza hauek jasotzen dira: oroitzapenerako lau espazio sortuko dira, martxoaren 31 errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro aitortzeko eguna izango da, horien omenezko eskultura bat jarriko da, Plaza Berrian gertatutako hegazkin istripuan hildako bi zibilak oroitzeko xafla bat jarriko da, eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala landuko da.

Gainera, xafla bat jarriko da Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralean, barruan dagoen armarri frankistaren esanahia azaltzeko, une historikoa eta sinbologia hori mantentzearen zergatia testuinguruan jartzeko. Era berean, beste xafla bat ipiniko da Olagibel kaleko Gobernu Ordezkariordetzan, horrelako eraikin publikoetan ageri den armarri frankista testuinguruan jartzeko.

Azkenik, beste xafla bat jarriko da Olarizu mendiko gurutzean, monumentua seinaleztatu eta testuinguruan jartzeko, duen benetako esanahi historikoa ezagutu dadin, eta diktadurak ondoren egindako erabilera politikoa.

2018an garatzekoak diren ekimenen artean, halaber, gazteak sentsibilizazio ekintzak aurreikusi dira, baita memoriaren ibilbidea diseinatzea ere, garai horretan gure hirian bizi izandako errepresioaren espazio esanguratsuenak bisitatzeko.

Dekretuak xedatzen duenaren arabera, Faustino Ortiz de Zárate Beitiari kendu egingo zaio eman zioten zilarrezko domina, sariak diktadura argi goresten zuela jotzen baita. Orobat, Luis Orgazi hiriaren seme kutunaren izendapena kenduko zaio, Franco jeneralarekin batera altxamendu militarrean aktiboki parte hartu baitzuen.

Neurri horiez guztiez gain, Udalak atea irekita uzten du Memoria Historikoaren alorrean beste jarduera batzuk egiteko, horiek justifikatzen dituzten frogarik edo arau aldaketarik izanez gero.

Alkate dekretuaren oinarrian gaia lantzeko sortutako lan-taldearen ondorioei jarraituz 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia dago; EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi-Ganar talde politikoek alde bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos