http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko autobus elektrikoaren proiektuak 13 ibilgailu berri erostea barne hartuko du

SERGIO EGUÍA

Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, azaldu duenez, Arabako hiriburuan autobus elektriko adimentsua (BEI) ezartzeko planek aurrera jarraitzen dute. Proiektuak hamahiru ibilgailu berri erostea aurreikusten du: zazpi 18 metroko luzerakoak, eta sei, 12koak. «Sistema sustatzen dugun erakundeok (Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Udala) garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handiko horren ezaugarriak zehazten ari gara. Erakundeen apustua sendoa da: hiriko auzoak hobeto konektatzea da asmoa, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. Xehetasun guztiak definitu ondoren, lanak kontratatzeko baldintza-agiria atera ahalko dugu». Lanak datorren urtean hastea espero da.

Alkateak proiektuari buruzko zenbait xehetasun aletu ditu; aurrekontu osoa 41 milioi euro ingurukoa izango da. Horietatik, Gasteizko Udalak 7 milioi jarriko ditu gutxi gorabehera. Zehazki, kopuru osoaren % 17,5. Autobus elektrikoa TUVISAko 2. linea periferikoaren oraingo bidetik joango da, erabiliena baita. Udalaren garraio-agentzia arduratuko da zerbitzua kudeatzeaz.

Gorka Urtaranek eman dituen berrikuntzen artean udaleko eta Eusko Jaurlaritzako teknikariek definitu dituzten urbanizazio lanetarako 7 milioi euroko inbertsioa nabarmentzen da; lan horien artean daude kaleak eta biribilguneak aldatzea, eragindako tokiak urbanizatzea, eta plataforma esklusiboari lekua uzteko trafiko desbideratzeak. Bestetik, hiru geltoki-mota jarriko dira: txikiak, estandarrak eta handiak. Aurrez aurreko nasak izango dituzte, sarbideak bi aldeetatik, eta irisgarriagoak izango dira.

Elektrizitatea kargatzeari dagokionez, pantografo alderantzikatuaren bidezko karga-sistema izango dute ibilgailuek, karga azkarra lau minutuan egitea ahalbidetzen duena. Mendizorrotzean eta El Boulevard merkataritza gunean kargatuko dira ibilgailuak. Karga mantsoa, berriz, gauez egingo da, kotxetegietan.

Alkateak adierazi duenaren arabera, autobus linea berrirako 18 metroko luzera duten zazpi autobus elektriko erosiko dira, eta 12 metroko beste sei; orotara, 9,5 milioi euroko aurrekontua da. Gorka Urtaranek azpimarratu du «hiru erakundeen apustu sendoa Gasteizen mugikortasun iraunkorra eta osasungarria sustatzeko, eta hiriko auzo guztien arteko komunikazioa errazteko. Aurrera goaz etorkizuneko Gasteizerantzat, alegia, edukiera handiko garraio publiko eraginkor eta ingumenarekiko begirunetsu baten bidez ongi konektatutako hiri bateratz».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos