http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek turismo promozioa egingo du websail bat plazaratuz

SERGIO EGUÍA

Udako turismo-denboraldia amaitu berria dela, Gasteizek turismo promozioa egiten jarraituko du udazkenean, besteak beste, websail bat plazaratuz eta foro profesionaletan parte hartuz eta merkaturatuz, Alemanian, Italian eta Ingalaterran, Bartzelona, Sevilla zein Valladolideko leku estrategikoetan, eta datozen hilabeteetan antolatzen diren hegaldien helmugetan.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak aurkeztu ditu gaur Turismo Zerbitzuak udazkenerako prestatu dituen ekintza nagusiak, “helburu argi batekin: turismo iraunkorreko alternatibak bilatzen dituzten eta Gasteizko monumentuak eta ondare historikoa ezagutu nahi dituzten pertsonen interesa piztea, eta hirira erakartzea. Zenbait promozio ildotan ari gara lanean, batetik, zuzeneko harreman profesionalak landuz, eta bestetik, erlazionatzeko eredu berrien eta komunikazio euskarri berrien alde eginez”, azaldu du Nerea Melgosak.

Denboraldi honetan hiria promozionatzeko agendaren barruko ekintza nabarmengarrienetako bat laster emango den mini-saila dugu, istorio baten hariari jarraituz hiriko txoko nagusietan barrena eramango gaituena. “Vitto Wai y el misterio del anillo” zazpi kapituluko websaila da, Argiztu elkarteak ekoitzi eta Gasteizek babestua. Detektibe baten eskutik, ikusleek hiriko leku interesgarrienak ezagutuko dituzte.

Trailerra (2017ko FEsTVal jaialdian aurkeztu zen, eta lehen kapitulua urriaren 7an emango da.

“Publiko-mota desberdinetara iristeko Sailak egiten duen ahaleginetan, boladan dauden komunikabideak baliatu ditugu, “branded content” kanpaina hau diseinatuz, xede-publikoekin konektatzeko eta gehiago ezagutarazteko gure hiriaren marka eta definitzen gaituzten balioak, hala nola turismo berdea, kultur turismoa, gure gastronomia aparta eta gure ondare historikoa“, adierazi du Nerea Melgosak.

Biltzar eta Turismo Zerbitzuaren ohiko agendaz gain, beste promozio ekintza batzuk egingo dira Stuttgart, Munich eta Londreseko topaketa profesionaletan. Gasteiz hiri napoleoniko gisa ezagutarazten jarraituko da, halaber, eta europar sare hori osatzen duten hiriek Mantuan egingo duten topaketan hartuko du parte. Bartzelona, Sevilla eta Valladoliden lotura profesionalak estutuko ditu Gasteizek, baita bisitak erakartzeko interesgarriak diren beste hiri batzuetan ere.

Horri guztiari gehitu behar zaio hilaren bukaeran beste bi hegaldi jarriko direla abian, Colonia eta Sevillara, lehendik zeuden Milan eta Teneriferako hegaldiez gain.

Udalaren nazioarteko promoziorako estrategiaren barruan, urte bukaerara bitartean Italia, Norvegia eta Frantziatik bidaietan eta turismoan espezializatutako kazetariak etortzea aurreikusi da. Besteak beste, hauek etorriko dira laster Euskadiko hiriburura: autokarabanen turismoari eskainitako argitalpen frantziar beteko ordezkariak; kazetari italiar batzuk, Euskadiri buruzko italierazko lehen gida argitaratzeko asmoa baitute, eta zenbait profesional norvegiar.

Biltzar eta Turismo Zerbitzuaren beste jarduera-ildoetako bat da erlazionatzeko modu berriak baliatzea, Gasteizentzat interesa duten publikoengana iristeko telebistaren ondotik jarraitzaile gehien duten bitartekoetan —hedabide digitalak eta sare sozialak— publizitate-euskarriak txertatuz.

Publizitate digitalari esker, aurtengo kanpainan Gasteizek bere xede-merkatuan 10,6 milioi inpresio edo agerpen bidez eragin du, eta 21.000 pertsonak baino gehiagok ‘klikatu’ dute.

Publizitate programatikoa baliatuz, 5.000 inpresiotik gora eta 3.740 klik lortu dira; Facebooken, 7.400 kliketik gora; Youtuben, hiria promozionatzeko pre-roll bideoa 90.000 aldiz eta gehiago ikusi da; ia 800.000 inpresio lortu dira Google-n display sarean, eta 4,5 milioi inpresio gomendioak iradokitzeko “branded content” kanpaina baten bidez.

Euskarri digital horietaz gain, offline publizitate euskarriak argitaratu dira Espainiako eta Frantziako gehigarri eta aldizkari espezializatuetan.

Fotos

Vídeos