http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek presentzia garrantzitsua izango du 'CONAMA Local 2017' Ingurumenaren Biltzarrean

SERGIO EGUÍA

Gasteizek paper nabarmena izango du “CONAMA Local 2017” Ingurumenaren Biltzar Nazionalean, zeina Valentzian egingo baita gaurtik hilaren 29ra (asteazkena). Ingurumen topaketa garrantzitsu horrek hirietako iraunkortasunarekin lotutako hainbat alderdi aztertzen ditu: klima-aldaketari egokitzea, hiri berrikuntza, trantsizio energetikoa, mugikortasuna eta hiri berdeagoak sortzea. Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Iñaki Prusillak bi hitzalditan hartuko du parte gaur eta bihar, baita gaur arratsaldeko inaugurazio ekitaldian ere. Udal teknikariek ere presentzia handia izango dute biltzarrean. Esate baterako, IGIko zuzendari Luis Andrés Orive “CONAMA Local 2017” biltzarraren amaieran izango da.

Gasteizi estatuan aitorpen handia eman dioten bi gairi buruz hitz egingo du Iñaki Prusillak. Gaur, 16:00etan, Gasteizen nekazaritzako elikagaien estrategia baterantz jotzeko eredua izango du hizpide, Valladolideko Udaleko Ingurumen eta Iraunkortasun zinegotzi María Sánchez, eta Valentziako Giza Garapenaren arloko eta Gizarte Zerbitzuen, Nekazaritza, Baratze eta Herrien zinegotzi ordezkari Consol Castillorekin batera.

Bestetik, Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotziak CONAMAren inaugurazio ofizialean hartuko du parte 19:00etan, Valentziako Las Naves aretoan. Ekitaldian hauek izango dira buru: Joan Ribó, Valentziako alkatea; Gonzalo Echagüe, CONAMA fundazioko lehendakaria, eta Alicia Torrego, CONAMA fundazioko kudeatzailea. Orobat beste hauek hartuko dute parte: Concepción Piñeiro, Altekio – Iniciativas por la Sostenibilidad sozietateko kidea; Ruud Schuthof, ICLEI-Iraunkortasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Ekimeneko eskualde zuzendariordea; Ana Etchenique, CECU-Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Konfederazioko lehendakariordea; Ramón Minoves, Bartzelonako Diputazioko Natur Espazioen eta Ingurumenaren aholkularia, eta María Sánchez, Valladolideko Udaleko Ingurumen eta Iraunkortasun zinegotzia.

“Gasteizek, 2012ko Green Capital den aldetik, ez du aldaketa globalaren prozesuak dakartzan erronka eta mehatxuetatik landa egon nahi, ezta behar ere, uste duelako hiriek esateko eta egiteko asko dutela irtenbide posibleak identifikatu eta praktikan jartzeko garaian. Eta ez gara bakarrik hiri handiez ari, tradizionalki horiei leporatzen bazaie ere arazoen eragile nagusiak izatea eta krisiari irtenbideak emateko beharra. Izan ere, hiri inguruneetan bizi diren europarren % 80 tamaina ertaineko hirietan bizi dira, hau da, Gasteizen antzekoetan, eta beraz, arazoaren funtsezko zatia dira, baita irtenbideena ere. Horrenbestez, tokiko mailatik planetaren etorkizunarekiko konpromisoa eta erantzukizuna berritu behar du, abian jarritako politika iraunkorrak sendotuz eta etorkizuneko erronkei irmo aurre egiten dieten beste batzuk sustatuz”, nabarmendu du Iñaki Prusillak.

Bihar, berriz, Arabako hiriburuan mugikortasunak izandako eboluzioa azalduko du Iñaki Prusillak, “Mugikortasuna hiria eraldatzeko bektore gisa” izenburua duen saioan. Harekin batera izango dira Giuseppe Grezzi, Valentziako Udaleko Mugikortasun zinegotzia, eta Paz Valiente, Madrileko Udaleko Ingurumen, Iraunkortasun eta Mugikortasun koordinatzaile nagusia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos