http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek Passivhaus XXL ziurtagiria jasoko du gaur, Europa biltzar jauregiaren eraberritzeagatik

SERGIO EGUÍA

Gasteizek Passivhaus XXL ziurtagiria jasoko du gaur, estatuan ematen den mota horretako lehenengoa, Sevillan egiten ari den bederatzigarren Passivhaus Konferentzian; goi mailako energia-eraginkortasunaren, kontsumo ia hutseko eraikinen eta bereziki Passivhaus estandarraren babespean egindako eraikin pasiboen alorreko urteko ekitaldi nagusia da hori. Wolfgang Feist fisikari eta astronomo alemaniarraren hitzaldiak emango dio amaiera ekitaldiari; izan ere, berak fundatu zuen Passivhaus institutua, eta munduko aditu ezagunenetako bat da eraikuntza energetikoki eraginkorraren alorrean.

Passivhaus Institut erakundeak ziurtagiria eman zion Gasteizko Europa biltzar jauregiaren birgaikuntza eta handitzeko lanari, hau da, XXL proiektu bati nazioartean ematen zaion ziurtagiri zorrotzenetako bat, horrek dituen konplexutasun guztiekin, maila teknikoan ez ezik, baita maila logistiko eta administratiboan ere.

Hirigintza Saileko Plangintza eta Proiektu Zerbitzuak sustatu du Passivhaus ziurtagiria lortzea Lurgoien eraikuntza enpresak egindako proiektuarentzat. Europa jauregiaren birmoldaketa integralak, Passivhaus estandarrean oinarritutako eraberritze ekoarkitektonikoak, arkitektura iraunkorraren ikonoa bihurtu du eraikina. Egokitzapen termiko, akustiko eta paisaia aldetikoak, lorategi itxurako fatxadarekin (lorategi bertikala), iraunkortasunaren alorreko erreferentzia bihurtzen du halaber. Eguzki-plakak, biomasa bidezko erregaia, CO2 mailak, tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko sistemak eta beste ditu, espazio eroso eta moldagarriak lortzeko, biltzarretarako behar den ekipamendu guztiarekin.

Enpresa ziurtatzaileak Udalak irtenbide pasibo errazen alde egindako apustua nabarmendu du: erdiko argizuloa, eguzkia eta argi naturala harrapatzen dituena, eta isolamendu termikoa, 25 cm-koa fatxadan, 26 cm-koa estalkian eta 15 cm-koa beheko solairuan. PVCzko zurgintza Passivhaus motakoa da, argonezko ganbera duen beira hirukoitza darabilena. Bero berreskurapena oso errendimendu handikoa da, eta airearekiko hermetikotasuna ere oso handia da. Estrategia pasiboez gain, eraikinak instalazio fotovoltaikoa du estalkian, energia lortzean zero emisio izatera hurbiltzeko xedez.

Europa biltzar jauregiak aitorpenak jasotzen jarraitzen du: aipamen bat jaso zuen ACI-Higiezinen Kontsultoreen Elkartearen sarietan, gizarteari egindako ekarpena dela eta. “Diseinu eta asmo iraunkor eta energetikoki eraginkorrak” nabarmendu zituen elkarteak.

Europa biltzar jauregiak beste aitorpen batzuk ere lortu ditu, hala nola LEED ORO ziurtagiria (2016ko abuztuan LEED Oro ziurtagiria lortzen zuen lehen biltzar jauregia bihurtu zen), A mailako energia eraginkortasunaren ziurtagiria, eta IHOBE ziurtagiria (ERAS tresna baliatuz); orobat, sari hauek jaso ditu: Gaztela eta Leongo Eraikuntza Institutuak ematen duen Gaztela eta Leongo Eraikuntza Iraunkorraren 1. saria ekipamenduen kategorian, 2015ean, eta IHOBEren Bikaintasun Kasua 2014an.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos