http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek obra-lizentziak tramitatzeko zerbitzuak hobetuko ditu Euskadin lehen aldiz proiektu berri batez

Udalak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak hitzarmen bat sinatu dute, obra-lizentziak eta lehenengoz erabiltzeko lizentziak eskatu eta tramitatzeko behar diren agiriak bide telematikoz aurkeztu ahal izateko

SERGIO EGUÍA

Udalak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (COAVN) hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, arkitektoek landu ondoren elkargoak ontzat emandako agirietan oinarrituta obra-lizentziak eta lehenengoz erabiltzeko lizentziak eskatu eta tramitatzeko behar diren agiriak bide telematikoz aurkeztu ahal izateko.

Bigarren alkateorde Itziar Gonzalok, COAVNko dekano Matxalen Acasusok eta COAVNaren Arabako ordezkaritzako lehendakari Luis Gómez Puentek aurkeztu dute hitzarmena; horren bidez, “zerbitzu eraginkorragoa eskaini nahi zaie hala arkitektoei, Gasteizko Udalarekin dituzten harreman profesionaletan, nola herritarrei, profesionalaren zerbitzuen eta Udalak ematen dituen lizentzien azken hartzaileak diren aldetik“, adierazi du Itziar Gonzalok.

Batetik, obra-lizentziak aurrez aurre eskatzen direnean euskarri fisikoan aurkeztu behar diren agirien kopurua murriztu nahi da, guztiz desagertzen ez badira; bestetik, eskabidea egoitza elektronikoan aurkezten bada, tamaina handiagoa duten agiriak erantsi ahalko dira, orain 10MBeko muga ezarrita baitago.

“Udalak eta COAVNk herritarrei ematen dizkiegun zerbitzuen kalitatea hobetu nahi dugu, eta modernizatu, administrazio elektronikoa garatzeko estrategiak baliatuz”, nabarmendu du alkateordeak.

COAVNko dekano Matxalen Acasusok, berriz, hitzarmenaren balioa nabarmendu du, “Gasteizko Udaleko teknikari eskudunek aukera izango baitute COAVNko arkitekto ontzat-emaileak aztertu, ontzat eman eta sinatutako proiektuak eskuratzeko. Hartara, proiektuak euskarri fisikoan eta aurrez aurre eman beharra eragozten da, eta horrek eraginkortasuna areagotuko du”.

Zehazki, COAVNko Arabako ordezkaritzak web-zerbitzu batzuk sortu ditu, Gasteizko Udalak haien dosier-biltegia baliatzerik izan dezan; funtzionamendua egiaztatzeko proben emaitza ona izan da.

Fotos

Vídeos