http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek 1,2 milioi euro inguru inbertitu ditu agintaldi honetan ikastetxeak mantentzeko lanetan

SERGIO EGUÍA

Udal Administrazioaren Sailak 74 obra egin ditu agintaldi honetan Gasteizko 37 ikastetxetan. Mantentze Zerbitzuak 1,2 milioi euro inguruko hobekuntzak egin ditu ikastetxeetan: ikasgelak margotu, estalkiak aldatu, irisgarritasuna hobetu, led argiztapena instalatu edo jolastokiak konpondu.

Azken hiru urteetan, Carlos Zapaterok zuzentzen duen sailak instalazioak berritu ditu haur eskoletan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan zein Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan.

“Lan horien bitartez ikastetxeek zituzten gabeziak konpondu ditugu, eta batzuetan instalazioen energia-kontsumoa murrizteko ere balio izan dute, itxitura berriak eta kontsumo txikiko argiztapena jarri baititugu”, azaldu du Carlos Zapatero zinegotziak.

2015ean, 298.254 euro inbertitu ziren horrelako lanetan; 2016an, 544.092 eurora igo zen kopurua, eta 2017an, 376.129 euroko lanak gauzatu ziren.

Orain arte egindako proiektu nabarmengarrienak hauek dira: kanpoaldeko zurajea berritzea Mirentxu haur hezkuntzako ikastetxean (74.510 euro, 2015ean); Haurtzaro haur-eskolako jolastokia hobetzea (69.322 euro, 2016an), eta hodiak aldatzeko eta suteetarako sarearen hartunea hobetzeko lanak Zaramagako haur-eskolan (66.487 euro, 2016an).

Judimendi LHIan egin da esku-hartze gehien, lau, zehazki. Zoladura eta saneamendua berritu eta konpontzeko lanak egin dira, led luminariak instalatu, eta korridoreak eta ikasgelak margotu. Guztira, 31.330 euro inbertitu dira.

Beste hamabi ikastetxetan, hala nola Paulo Freire-Abetxuku HHII, Umandi ikastola, Toki Eder eta San Martin, hirutan esku hartu da urte hauetan.

2017an, Mantentze Zerbitzuak 26 obra egin zituen hiriko hamabost ikastetxetan, horien arteko garrantzitsuena, Zaramagako haur eskolan igogailua instalatzea (59.537 euro). Beste lan garrantzitsu batzuk Toki Ederreko haurren eraikineko estalkia konpontzea (25.954 euro) eta Maria de Maeztu ikastetxeko zoladura aldatzea (20.242 euro) izan ziren.

Udal Administrazioaren Saila laster bilduko da Hezkuntzarekin, 2018an egin beharreko lanak zehazteko. Aurrekontu-luzapenak 200.000 euroko partida aurreikusten du horretarako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos