http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek ia 4 milioi euro berreskuratu ditu Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planari esker

SERGIO EGUÍA

Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren (2017-2019) lehen urtearen balantzea egin du. Planak dirua biltzeko sistemen eraginkortasuna kontrolatzeko eta hobetzeko 89 ekintza biltzen ditu orotara, eta horri esker 3.970.140 euro berreskuratu dira orain arte. Kopuru horren zati handi bat, 1.512.783 euro, ekonomia jardueren gaineko zerga ikuskatzeko berariazko planari dagokio, eta gainerakoa, zerga eta tasen kudeaketa eta ikuskaritza hobetzeko beste jarduera batzuekin lotuta dago.

Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren emaitza 2017ko ekitaldirako aurreikusitako helburua baino % 32,7 handiagoa da, lehen urterako ezarri zen helburua 2.990.850 euro baitzen. Planak irauten duen hiru urteetan orotara 9.636.650 euro biltzea espero da.

"Duela urtebete Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Plana aurkeztean jarritako helburuak betetzen ari dira, baita 2017rako ezarritako aurreikuspena sobera gainditu ere, eta horrek hobetzen jarraitzera animatzen gaitu, bai zerga betebeharrak betetzen diren zaintzeari bai diru-bilketarako sistema eraginkorragoak bilatzeari dagokienez“, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

2016an ekin zitzaion ekonomia jardueren gaineko zergaren ordainketak berrikusteari, orduan jakinarazpenak bidali baitzitzaizkien tokiko 2000 enpresari baino gehiagori, beren zerga-aitorpenean izandako aldaketak aitortu zitzaten, eta horren bidez 1,51 milioi euro berreskuratu dira. Prozedura hortaz lortutako informazioa baliatuz, kanpaina berezia jarri zen abian, enpresek emandako datuak egiaztatu, behar ziren zuzenketak egin eta likidazioak egiteko. Ikuskaritza plan horren bidez 253 dosier itxi dira 2017ko amaieran. Beste 114 dosier dago irekita, eta horiek ordaindu gabeko kopuru gehiago berreskuratzeko bide emango dute.

Zerga-betebeharrak betetzen diren ikuskatu eta kontrolatzeko jarduerak beste zerga batzuetara ere zabaldu dira, hala nola ondasun higiezinen gaineko zerga eta eraikuntza eta obren zerga. Orobat berraztertu dira hainbat tasaren ordainketak: irekitzeko lizentziak, hirigintza-lizentziak, ibilgailuentzako pasabidea, zangak irekitzea eta hesiak eta aldamioak jartzea. Horrek guztiak 514.397 euro berreskuratzea ahalbidetu du. Iaz 588 ikuskaritza jarduera egin ziren guztira.

Zerga betebeharrak betetzen diren kontrolatzeko neurriez gain, Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Prebentzio Planaren bigarren jarduera-ildoak 36 neurri jasotzen ditu zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna sustatzeko. Hirugarren ildoak beste administrazio eta erakunde batzuekiko lankidetza bultzatzeko 6 neurri aurreikusten ditu, eta laugarrenak, 11 neurri zergadunari arreta emateko zerbitzuak hobetzeko.

Kudeaketa hobetzeko neurri horien eraginez 1.942.860 euro berreskuratu dira 2017an, gehien bat Arabako Foru Aldundiarekiko koordinazioa hobetu izanari esker, bi erakundeek informazioa trukatu eta kobratze eskubideak gauzatzen elkar osatu baitute. Itzulitako ordainagiriak kobratzeke geratzea eragozteko mekanismoak ere doitu dira.

2018rako iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko ekimen berriak aurreikusi dira, eta bereziki kontuan hartuko da bitarteko elektronikoen erabilera, ordainagiriak bidaltzeko, zergak kudeatzeko, zergei buruzko informazioa bidaltzeko eta dirua biltzeko prozesuetarako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos