http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek hiri konektatu, moderno eta anitz gisa dituen oraina eta etorkizuna azaldu ditu alkateak nazioarteko entzuleen aurrean

SERGIO EGUÍA

Diasporari buruzko jardunaldi batzuetan parte hartzen ari da Gasteizko alkate Gorka Urtaran egun hauetan Belfasten, Ipar Irlandako hiriburuan, eta Euskadiko hiriburuaren erakargarri nagusiak azaltzeko aukera izaten ari da bertan. Nazioarteko entzuleen aurrean, 800 urtetik gorako historia errepasatu du alkateak, udalerria Green Capital izendatzea ekarri zuten merezimenduak, hiri-eredua eta hiri konektatu, moderno eta anitza izateko helburua lortzeko etorkizuneko erronkak.

Belfast Homecoming 2017 jardunaldien antolatzaileek gonbidatuta joan da alkatea. Gasteiz aurkezteko pisuzko argudioetako bat, hain zuzen ere, 2012ko Green Capital izendapena izan da. “Stockholm, Hanburgo, Kopenhage eta Oslorekin batera hiri iraunkorrenen Championsen gaude”, azaldu du, eta hainbat datu eskaini ditu, hala nola hirian eta haren perimetro gertuenean 10 milioi metro koadro berdegune ditugula, hau da, 40 m2 inguru biztanleko.

Hiriaren garapena modu trinkoan eta giza eskalan planifikatu zela nabarmendu du alkateak, eta hori funtsezkoa izan dela gaur egun hiri-mugikortasun benetan iraunkor eta osasungarriaz gozatu ahal izateko. Gaur egun, hiriko joan-etorrien ia % 70 oinez edo bizikletaz egiten dira. “Horrez gain, gure garraio-sistema publikoa gero eta eraginkorrago eta erabiliagoa da. Udala bizikletaren erabilera sustatzen ari da, bai eta ahalegin handia egiten garraio publikoa modernizatzeko, gaitasun handiko, CO2 isurketa ia-ia hutseko eta ingurumena errespetatzen duen sistema bihurtu nahi baitugu” azpimarratu du.

Gure kulturaren eta hizkuntzaren gainean era jardun du Gorka Urtaranek, hots, euskararen gainean, zeinen berreskurapen prozesua oso garrantzitsua ari baita gertatzen, batez ere belaunaldi gazteenetan. Belfasten bildu diren hainbat herrialdetako ordezkariei Gasteizen ezaugarriak azaltzeko orduan, Gasteiz hiri modernoa eta anitza dela nabarmendu du, argi eta garbi industriaren alde jokatzen duena, eta Europako zenbait enpresa handi daudela bertan presente, hala nola Michelin eta Mercedes. “Industriaren sektorean sortzen dira Gasteizko BPGaren eta enpleguen % 25 baino gehiago. Bokazio industrial garbiko hiria gara, eta ikerkuntza eta berrikuntza ditu erronka: parke teknologiko garrantzitsu batekin batera, eskarmentu handiko prestakuntza-sarea dauka, gure hirian industriak horrenbesteko garrantzia izatearen arrazoi nagusienetako bat.”

Gure jatorriaren eta historiaren hainbat xehetasun ere eman ditu Gorka Urtaranek, eta Santa Maria katedralaren eta Erdi Aroko hiriguneko gainerako erakargarrien ingurukoak. “Gasteizek historia du eta etorkizunera begiratzen du. Gaur egun, mendearen erronkei egiten diegu aurre, hiri iraunkorra izaten jarraitzeko asmoz, eta ez soilik ingurumenaren ikuspegitik, baita iraunkortasunaren alderdi sozial eta ekonomikoan ere.”

Arlo sozialean, aniztasuna bermatzeko erronkari ekin nahi diogu gogoz. “Gaur, inoiz baino gehiago, elkarbizitza sustatzen saiatu behar dugu, batetik, jatorri-aniztasuna oinarritzat hartuta, eta bestetik, ETAren eta poliziaren indarkeriaren urteak igarota. Gainera, Gasteizek ere izan zuen Bloody Sunday partikularra, 1976ko martxoaren 3a.” Bidenabar berretsi du Urtaranek biktima guztiek merezi dutela egia, justizia eta ordaina. “Gasteiz biktimekin dago, biktima guztiekin. Biktima guztiek merezi dituzte tratu eta aintzatespen berberak, guztiek jasan izan dutelako kalte bidegabe eta konponezina.”

Arlo ekonomikoari dagokionez, Gasteizen erronka bikoitza aipatu du: gure industria-eredua 4.0 industriara egokitzea eta abiadura handiaren etorrera. “Barrutik eta kanpotik konektatutako hiria nahi dugu”, azpimarratu du.

Azkenik, klima-aldaketaren kontrako borroka da ingurumenaren alorreko erronka nagusia. Izan ere, 2006tik 2015era bitartean % 17 murriztu ditu CO2 isurketak hiriak.

Fotos

Vídeos