http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek gerra zibilean eta diktadura frankistan preso egondako emakumeak gogoratuko ditu

Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, emakume batzuekin, monolitoaren inaugurazioan./
Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, emakume batzuekin, monolitoaren inaugurazioan.

Sagrado Corazón ikastetxearen aurrean jarritako oroitzapenezko gunearen bidez egingo zaie omenaldia, garai hartan leku hori emakumeen kartzela izan baitzen

SERGIO EGUÍA

Gasteizek gerra zibilean eta diktadura frankistan atxilotu eta umiliatutako emakume ugariak gogoratuko ditu, Sagrado Corazón ikastetxearen aurrean jarritako oroitzapenezko gunearen bidez, garai hartan emakumeen kartzela izan baitzen.

Gorka Urtaran alkateak, korporazioko kideek eta zenbait herritarrek hartu dute parte biktima haiek guztiak gogoratuko dituen monolitoaren inaugurazioan, zeina Manuel Iradier eta Foru kaleen arteko bidegurutzean ipini baita. Haien artean zegoen Maruja Ruiz Fernández, kartzela hartan preso egon zen emakume baten —Columba Fernández— alaba; hark eta bere bi nebek ez zuten berriro ikusi ama, osasun-arrazoiak zirela eta kartzelatik atera ondoren. Aita ere Bake kaleko kartzelan egon zen preso, eta fusilatu egin zuten. Marujak eskertu du ekitaldi hau, «nahiz eta berandu xamar egin. Oso pozik nago gaur talde politiko guztiak eta jende guzti hau ikusteaz».

'Memoriagune' deritzenen bidez, frankismoak Gasteizen eragindako biktima orori aintzatespena, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi zaizkie, eta Memoria Historikoa berreskuratzeko Udalak 2018an egingo dituen jardueretako bat da.

Alkateak azpimarratu duenez, «emakumeen kasuan errepresioa bikoitza izan zen. Batetik, errepresio ideologikoa, altxamenduari eta errepresio frankistari kontra egiteagatik; bestetik, genero errepresioa, bizitza publikoan onartzen ez zitzaien rola bete izateagatik. Bortxaketez gain, beste umiliazio eta eraso jasan behar izan zituzten, hala nola ilea larru-arrasean moztea edo errizino-olioa edanaraztea. Ikusezin bihurtu nahi izan zituzten, eta gaur haiek guztiak dakartzagu gogora».

Memoria Historikoaren Planaren barruko ekintzak alkate dekretu batean daude jasota, zeinaren oinarria baita gaia lantzeko sortutako lan-taldearen ondorioei jarraituz 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia; EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi-Ganar talde politikoek alde bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos