http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek enpresak sendotzeko lau lantegi antolatu ditu otsail eta martxorako

SERGIO EGUÍA

Enpresak Sendotzeko Programa Gasteizko Udalaren ekimena da, enpresa sortu berrien iraupena bermatu eta horiek indartzeko. Datozen asteetan, lau lantegi eskainiko dira horren barruan, estrategia, marketina, finantzak eta antolakuntza gaitzat hartuta. Enpresa-kudeaketarako funtsezko diren alderdiei buruzko prestakuntza eta aholkularitza emango zaie parte-hartzaileei, negozio aukerez eta hobetu beharreko alderdiez jabetu daitezen. Enpresa administratzen laguntzeko tresnak ere emango zaizkie, aholkularitza espezializatu baten laguntza pertsonalizatuaren bidez.

«Lagun egiten diegu ekintzaileei, hala negozio-ideia abian jartzeko unean nola proiektua jada martxan dagoenean, orduan sendotzea eta hedatzea baita erronka. Izan ere, proiektuaren jarraipena epe luzera bermatzeko, garrantzitsua da laguntza ematea enpresa sortzean ez ezik, baita heltzeko prozesuan ere», adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Lehen lantegia otsailaren 19an egingo da, eta estrategia jorratuko da, alderdi hauek aztertuz: negozioaren antolakuntzari buruzko hausnarketa estrategikoa, eta enpresaren eboluzioa eta etorkizunerako itxaropenak neurtzeko egitekoen zerrendak egin eta ikuskatzea.

Hurrengo astean, otsailaren 26an, marketina izango da lantegiaren gaia. Parte-hartzaileek bezeroak aztertzen ikasiko dute, negozioa eraginkortasunez aurkezten, eta kanpo-komunikaziorako formula egokienak erabiltzen.

Martxoaren 5ean, finantzen txanda izango da; kostuen kalkulua, diruzaintza eta balantzeen interpretazio zuzena landuko dira. Azkenik, martxoaren 12an, antolakuntza eta pertsonak izango dituzte aztergai, alderdi hauetan sakonduz: lidergoa, langile politika eta enpresa bazkideekiko harremanak.

Lantegi guztiak goizez izango dira, 9:30etik 13:30era, Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan. Prestakuntzaren ondoren, banakako aholkularitzako bi ordu jaso ahalko dira, horretaz arduratzen den aholkularitzarekin hitzartu beharrekoa. Lantegiak doakoak dira, eta lekuak, mugatuak; aldez aurretik izena eman beharra dago, eta ondoren berrespena jasoko da.

Iaz enpresak sendotzeko eman ziren sei lantegietan (lau martxoan eta bi azaroan) 135 ekintzailek hartu zuten parte, 69 enpresaren izenean. Lantegien balioespen orokorra 10etik 8,43 puntukoa izan zen, eta hitzaldien kalitatea eta jorratutako edukiak nabarmendu zituzten alderdi positiboen artean. Parte hartu zuten enpresen % 85 mikroenpresak ziren (1 eta 9 langile artean); gainerako % 15a enpresa txikiak izan ziren (10 eta 49 langile artean). Jarduerari dagokionez, enpresen % 74 zerbitzuen sektorekoak ziren, % 17, industriakoak, eta % 9, ostalaritzakoak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos