http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Gasteizek energia elektrikoa zuzenean merkatuan erostearen bideragarritasuna aztertuko du

Energiaren Agentziaren datuen arabera, Udalaren urteko elektrizitate gastua 18 milioitik gorakoa da

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udalak energia elektrikoa oraingoez bestelako formulen bidez erostearen bideragarritasuna (ingurumen, gizarte, ekonomia eta lege ikuspuntuetatik) aztertuko du, Energiaren Agentziaren bitartez. Zehazki, elektrizitatearen handizkako merkatuan zuzenean kontsumitzea edo udalaren merkaturatzailea sortzeko aukerak. Bigarren aukera horren bitartez, Udalak autonomia handiagoa izango luke erosle gisa, eta soberakinak baliabide gutxiko taldeei lagatzea edo dohaintzan ematea eta hartara pobrezia energetikoa murriztea ere ahalbidetu lezake. Oraingoz, Udalak azterlan bat agindu dio ‘Som energía-Energia gara’ enpresari, 6.929 euroan (BEZa barne), etorkizunerako hainbat aukera balioestearren.

“Gure ustez, Udalak sailen arteko gogoeta-prozesu bati ekin behar dio, etorkizunean Gasteizko eredu energetikoa aldatzeko asmoz. Aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak ezartzea izango dira helburuak, eta udal langileek eta herritarrek berek ingurumen balioak bereganatzea. Hamarkada bat baino gehiago daramagu klima-aldaketaren kontra babesteko estrategiak sustatzen, Europako alkateen ituna sinatu dugu, bat egin dugu ‘Compact of Mayors’ ekimenarekin… Garbi dago Gasteiz hiri konprometitua dela ingurumenaren alorrean eta beroketa globalaren kontrako borrokan. Eta ildo horretan, funtsezkoa da datozen urteetan trantsizio energetikoa egitea emisioak gutxitzeko, eraginkortasuna handitzeko eta gastua murrizteko”, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. “Gainera, txostena egitea Ahal Duguren udal taldearekin aurrekontu akordioan sinatutako konpromisoaren emaitza da”, esan du.

Talde morearen bozeramaile Jorge Hinojalek lortutako akordioa bete izana nabarmendu du, “lehen urratsa” baita “utopia ematen duen baina ez den zerbait lortzeko: Gasteizko udalerriaren burujabetasun energetikoa”. “Oposizioa kritikatik ez ezik erantzukizunetik ere egiten denean, herritarrei alderdien siglei baino mesede handiagoa egiten dieten aurrerapenak lortu ditzakegu”, azpimarratu du zinegotziak. Ahal Duguk agintaldiaren hasieratik ahalegin handia egin du lan-ildo horretan, eta azterlana esleitu izanak hori gauzatzea dakar. “Udalean sartu ginenetik Udala bera energia elektrikoa erosten inplikatzeko beharra aldarrikatu dugu. 2016ko urtarrilean jada mozio bat aurkeztu genuen, eta onetsi egin zen, eta horren bidez udal gobernuari eskatzen zitzaion energia merkaturatzaile bihurtzeko aukera aztertu zezan, edo beste aldagai eraginkorren bat”, gogoratu du Hinojalek.

Ahal Duguk espero du ingurumen, gizarte, ekonomia eta lege bideragarritasunaren azterketak proiektua ezartzearen aldeko datuak emango dituela. “Baina horrekin ez gara pozik geratuko. Udal eraikinekin eta argiteria publikoarekin hastea positiboa da, baina ez nahikoa. Ahal Dugutik trantsizio energetikoaz ari garenean, udalaren energia merkaturatzaileak gasteiztar orori zuzenean zerbitzu eman ahal izateaz ari gara eta, beraz, arazo ekonomikoak direla kausa berogailua edo bonbilla bat pizterik ez duten etxeetara iristeaz eta pobrezia energetikoaren kontra borrokatzeaz. Bitartekariak kentzeaz eta, epe luzera, berriztagarrien bitartez geure energia sortzeaz eta burujabe izateaz ari gara” , aldeztu du taldeko bozeramaileak.

18 milioiko gastua energian

Gaur egun, Udalaren Energiaren Agentziak dituen datuen arabera, Udalak ia 18 miloi euroko elektrizitate-gastua du (2015eko datuak), argiteria publikoa (3,8 milioi), eraikinak (10,2 milioi) eta beste alderdi batzuk, hala nola garraio publikoa eta berdegune eta lorategien mantentzea (3,8 milioi) batuta. “Datu horrek erakusten digu oraindik lan handia egin beharra dugula ingurumen erronkei aurre egiteko. Ez dugu ahaztu behar, bestetik, kontsumo horiek udal aurrekontuan pisu handia dutela”, azaldu du Iñaki Prusillak.

Azterlana egiteko Gasteizko Udalak erakundeaz eta udal enpresez dituen elektrizitate-datuak hartuko dira oinarritzat. Orain arte egindako ekonomia eta energia diagnostikoak erabiliko dira, udal eraikinak zein espazio publikoa kontuan hartuz.

Kontratatutako enpresak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu oraingo elektrizitate-merkatuaren deskribapena eta Udalak izan ditzakeen aukeren ebaluazioa. Gainera, aukera paralelo eta osagarri ezberdinak aztertuko ditu, alderatu eta emaitzei buruzko agiria landuko. ‘Som energía-energia gara’ enpresak aukera bakoitzak dituen abantailak eta desabantailak jasoko ditu agiri batean, eta beste hiri batzuetan burututako esperientziak azalduko. Era berean, etorkizunean ezarri beharreko ekintzen kronograma bat eta bide-orri bat zehaztuko ditu txostenak.

Azken hilabeteetan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak estatuko beste udal batzuek emandako pausoak aztertu ditu. Avilésen, esaterako, energia elektrikoa merkatuan erosten dute zuzenean espazio publikoan erabiltzeko, eta Zaragozan ere eredu horri jarraitu nahi diote. Iruñean eta Bartzelonan, berriz, merkaturatzaile bat martxan jartzeko asmoa dute. Valentzian ere Gasteizek agindutako azterlanaren antzekoa landu dute, baina oraindik ez dute erabaki zein aukeraren alde egingo duten.

Fotos

Vídeos