http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek bat egin du Pertsonen Desagerpenekiko Udalerri Sentikorren lehen Sarearekin

Gasteizek bat egin du Pertsonen Desagerpenekiko Udalerri Sentikorren lehen Sarearekin

SERGIO EGUÍA

Gaurtik aurrera, Gasteiz Pertsonen Desagerpenekiko Udalerri Sentikorren lehen Sarearen kidea da; hori sortu duten udalerrien helburua da tokiko ekimenak diseinatzen laguntzea, desagertze-salaketei erantzun eraginkorragoa eta antolatuagoa ematearren.

Itziar Gonzalo alkateordeak ordeztu du hiria “Udalak pertsonen desagerpenen aurrean” izeneko topaketan. Andaluziako Udalerrien eta Probintzien Federazioak antolatu du jardunaldia, desagertutako pertsonen aldeko QSDGlobal- Europako Fundazioaren laguntzarekin, desagerpenen kasuetan lehen unetik eraginkortasunez erantzuterakoan udalerriek duten funtsezko zeregina agerian jartzeko asmoz. Jardunaldiaren barruan eratu da sare berria.

Borja Lázaro desagertu ondoren Gasteizko Udalak bideratu zituen ekimenak gogoratu ditu Itziar Gonzalok, “Udalak horrelako egoerei aurre egiteko garaian hausnarketa eta inflexio-puntua izan baita”, azpimarratu duenez.

“Udalak pertsonen desagerpenen aurrean” jardunaldian beste ekarpen batzuk izan dira udalenez gain. Izan ere, desagertutako pertsonen familien mahai-ingurua ere egin da, zeinean Borja Lázaroren amak, Ana María Herrerok, hartu baitu parte; desagerpen batek eragindako familien bizipenak eta eskaerak azaldu dira horretan, eta bakoitzak bere udalarekin izandako harremanari erreparatu diote bereziki.

Borja Lázaro 2014ko urtarrilean ikusi zuten azkenengoz, Kolonbian, eta harrezkero Gasteizko Udala hainbat ekintzatan inplikatu da. Horrexegatik, 2017ko hasieran desagertutako pertsonen aldeko Martxoak 9 II. sarietako bat eman zioten, toki mailako lan instituzional onenaren kategorian, familiekiko konpromisoagatik. Urtebete lehenago, Gorka Urtaran alkateak Borja Lázaroren amari eta anaiari Felipe VI.a erregearekiko entzunaldi batera lagundu zien; erregeak Borja Lázaroren desagerpenak gizartean sortutako kezkaren berri jaso zuen zuzenean. Orobat, 2016ko maiatzean Gorka Urtaranek Desagertutako Pertsonei buruzko V. Topaketan hartu zuen parte, eta ekimen horixe izan zen gaur osatu den hirien sarearen lehenengo urratsa.

Hiru urte hauetan, familia eta lagunek elkarretaratzeak antolatu dituzte Borja Lázaroren desagerpena dela eta, eta Udalak bat egin du haiekin. Ildo beretik, 2015eko uztailean erakunde-adierazpena onetsi zuen Eledunen Batzarrak. Urtaranek hainbatetan egin die dei Espainiako Gobernuari eta Kolonbiako agintariei Borja Lázaro bilatzen jarrai dezaten, eta beren esku dagoen oro egin dezaten ikerketak aurrera jarrai dezan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos